Boligrafo Gorria
Kazetaritza Politika
by Gorka Bereziartua
  • Kazetaritza
  • Politika

El Mundo 'Casablanca'-ko jendarmearen antzera

Gorka Bereziartua
2011-03-30
1

El Mundoren asteleheneko azala

Eszena ezaguna da, Casablancako momenturik irrigarriena, beharbada: Louis Renault kapitainak Ricken kafetegia itxi dezatela agintzen du eta barruan daudenei ateratzeko eskatzen die. Rickek azalpenen bat galdegiten dio, ea erabaki hori zergatik hartu duen. “Eskandalua da, eskandalua!” erantzuten dio Renaultek; “apustuak egiten dituzte hemen!”. Esaldia bukatu eta berehala kafetegiko langile bat hurbiltzen zaio: “zure irabaziak, jauna”.
Filmeko jendarmearen antzera, eskandalua itxuratzen ari dira asteon El Mundo egunkarian, 2006ko negoziazioen aktak argitaratuz (Guardia Zibilaren galbahetik pasatako dokumentuak dira, gainera). Baina Renault kapitainak apustuen kontua lehenagotik ezagutzen zuen gisan, El Mundoko erredakzioan ere aspaldian ezagutu behar zituzten orain publikatzen ari direnak. Hainbat lekutan argitaratu izan da gertatutakoaren berri eta ideia osatu xamarra eduki nahi duenak Imanol Muruaren Loiolako hegiak leitzea besterik ez du. Gainera, badira Madril aldean zurrunbilo handiagoa sor dezaketen dokumentuak ere, urrutirago joan gabe, Loiolan bertan PSEk, EAJk eta Batasunak adostutako “Elkarrizketa eta akordio politikorako oinarriak”.
Beraz, zergatik “esklusiba” hau orain? Eta zergatik ez dute atera Loiolako akordioa, erabakitzeko eskubideaz eta lurraldetasunaz esaten dituenak, adibidez, askoz gai delikatuagoak badira Faisan kasua baino? Loiolak Egiguren eta, asko jota, Ares “zikin” ditzakeelako; El Mundok berriz, arrain gizenagoak xerkatzen ditu. Alfredo Pérez Rubalcaba, kasu. PSOEren hurrengo presidentegaia izango dela ematen du eta Espainiako iritzi publikoak haren irudi ona dauka. Beraz, PPren inguruko sektoreek Rubalcabari aurrerantzean emango dioten egurraren lehen ezpala baino ez da izango, beharbada, aste honetan ikusten ari garena.
Kontu honetatik, dena den, zera da tristeena: argi geratu dela beste behin ere, gatazka hauteskunde interesekin erabiltzen dela. Berritasun batekin oraingoan, izan ere, ETAren atentaturik ez dagoenez, artxiboan bilatu behar izan dute delituren bat. Tira, eta beste zerbait ere bai: bakea negoziazio bidez lortzen saiatzea Espainian krimen barkaezina bihurtu duela PPk eta horri aurre egiteko PSOEk erabiltzen duen argudioa, gutxi asko, “azken negoziazioa ETA ahultzeko baliatu genuen” esatea dela. Bakea lortu? Nori interesatzen zaio hori?
Batzuek eta besteek ondo egingo lukete gatazken konponbideari buruzko ikastaroren batera apuntatuta. Has daitezela azkeneko Larrun irakurtzen gutxienez.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

bake prozesuacasablancael mundoetafaisan kasuaimanol murua urialoiolanegoziazioa
1 Iruzkin
    Hedoi Etxarte (e)k dio: Erantzun
    2011-03-30, 15:30

    Louis Renault iruditu zait filmeko pertsonaia interesgarria. Laszloren bikaintasun hirutiarra (kontzentrazio esparruan egon eta ospa egin, andrearen bihotzak hilik zegoela uste zutenean soilik alde egin, hegazkina hartu du). Rick Blainen fatalkeria nihilista ia Souvarinen anarkismoa litzateke, azaleko planta ez balitz, edo behintzat hori pentsarazten digu filmak, alegia ez dela ekidistante bat berak.
    Renaulten remake finena -eta aurreko eta osteko alemanak-perbertitu-hutsak-dira paper guztiak zapuztu dituena- Hans Landa dugu, Inglourious Basterdsekoa.
    Peru Jota ez dut Marseillesarekin hunkitua imajinatzen ordea, espainiar liberalen kutrekeria izango da (Mayor Zaragoza salbatzen bakarra?).

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Idazleen eta editoreen arteko komeriak2011-03-29
60ko hamarkadako euskal pop musika eta 'Urtz amnesia'2011-04-01
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA