Espainia herrialde demokratikoa da eta, ikuspuntu beretik begiratuta, Justin Bieber musika garaikidearen historiako konpositore eta interprete handiena. Herenegun Goreneko epaileek ebatzitakoa etzira bitartean Konstituzionalekoek atzera botatzen ez badute, berriz ere sufragio unibertsalik gabeko hauteskundeak izango ditugu. Demokraziaren festa horrek soinu banda egokia behar duela uste dut (Bieberrenaz gain, noski) eta proposatzea libre denez, nire Top 5a daukazue irakur-entzungai jarraian.
5.- Lif, Epaile:
Berak erabakitzen du nork bozka dezakeen eta nor izan daitekeen bozkatua; haren iritziaren arabera daude batzuk kutsatuta eta besteak garbi; hark erabakiko du indarkeria arbuiatzea sinesgarria ote den ala bestelako intentzioekin egina. Baina, nork epaituko du epailea? Lif-en kanta honetako errepikak egoera horretara garamatza: “epaile epaitua!”.
4.- Manic Street Preachers, Generation terrorists:
Eta momentuz epaileek erabaki dute Bilduko zerrendak ETAren estrategiaren barruan sartzen direla. Gezurra diote beraz: ETA inoiz baino indartsuago dago, begira zenbat kide dituen prest aurpegia estali gabe terrorismo elektorala praktikatzeko. Belaunaldi oso bat, batere konturatu gabe, prezio merkeegian, terrorista bihurtua. Generation terrorists.
3.- Guns N’ Roses, Chinese democracy:
Ez, badakigu, Bilduren zerrendetakoak ez dira ETAkoak. Baina orduan, hauteskundeetan parte hartzen uzten ez badiete, zer demokrazia klase da hau? PPSOE alderdiaren neurrira egindakoa, dirudienez. Alderdi bakarrekoa, alegia. Txinako eredua imitatuz egituratutako demokrazia dela esango genuke, 40 urtean Espainian bertan ondutako urdaiazpiko zaporeko demokrazia organikoa existitu izan ez balitz.
2.- Rage Against The Machine, Voice of the voiceless:
Denek ezingo dute parte hartu beharbada. Agian, epaileek ahotsik gabe utziko dituzte batzuk berriro. Makina judizialaren kontrako herra besterik ez du piztuko horrek, inola ere ez desesperantzarik. Ezingo baitute ahotsik gabekoen ahotsa isildu, Rage Against The Machinen kanta honek behin eta berriro oihukatzen duen moduan.
1.- John Lennon, Power to the People:
Eta gauzak argi uzteko, demokrazia zer den azaltzen duen abesti bat, John Lennonen eskutik. Bai, Lennon. Bakea ahotan, gerra eskuetan bizi direnek hainbeste maite duten kanta hura, Imagine ezin aspergarriago hura, egin zuen tipo bera. Lennonek bazekien Zengakuren baten maneran jantzi eta ukabila altxatzen ere, Power to the People, boterea herriarentzat, ozen eskatzeko. Guk ere hori besterik ez dugu eskatzen.
Honekin lotuta: su-eten garairako kanten top-5a.
8 Iruzkin
Ona, Gorka. Gai bati lotutako kantak proposatzearena gehiotan egin behar zenuke!
Hemen seigarren proposamena, amorruz gainezka:
https://www.youtube.com/watch?v=–WXXw_yNYw
Aupa Fer, mila esker! Ba bai, beste noizbait otu izan zait, baina azkenean animatu ez. Ea aurrerantzean…
Bide batez, lagun batek Facebook bidez Manic Street Preachersen beste kanta bat ere sartuko lukeela esan dit. Masses against the classes:
Bestalde, Angel Aldarondok (a.k.a. Tipitto), Twitter bidez rap bat proposatu digu zerrendarako, inoiz Bilardo zaharrak ere aipatu izan duena (non ote dabil gizona, portzierto?):
Niri ere abesti piloa etorri zaizkit burura egunotan, eta FER ek proposatu duena hainbatetan entzun…
Hona hemen beste bideo hezitzaile bat. Agian pixkat orokorragoa da, baina ondo azaltzen zein den bizi dugun egoera.
Habeas Corpus > “A las cosas, por su nombre”
https://www.youtube.com/watch?v=mKmPvvg3oE4&feature=related
Generation gap:
Legea borrokatu nuen (I fought the law -The Clash)
https://www.youtube.com/watch?v=16u0wwCfoJ4
eta orain legeari esaten diot Bildu legalizatzeko (Legalize it- Peter Tosh)
https://www.youtube.com/watch?v=8HcXcYlF3_0
fuck it-kaka zaharra – XXI. mendeko gizon eskizoidea (21st Century Schizoid man- King Crimson)
https://www.youtube.com/watch?v=zBfCzhYbWBk
Gustatu zait idatzia Gorka!!
Nik aukeran https://www.youtube.com/watch?v=8PaoLy7PHwk
Neguren bertsioa ere hunkigarria da, baina it`s the original
Alderdi abertzaleen ikuspegitik… neuri hau datorkit burura behin eta berriro: That’s entertainment https://www.youtube.com/watch?v=m-H0uIH5HHQ
Proposamen berriak, Twitterretik ekarriak. Gorka Juliok (a.k.a. Teketen) diosku, The Chordettesen Lollipop ere aukeratuko lukeela. Hortxe beraz:
Oihanean-ek berriz, Joxemari zapatalari kanta gogora ekarri digu, Xixupika garaiko hit bat.
BeƱat Irasuegik, Patxi Lopezek Fito & Los Fitipaldis taldearekin egindako Soldadito marinero kantaren bertsio deskribaezin hau proposatu du:
Eta Gotzon Elizburuk (a.k.a. Gauerdikoeztula), Pignoise taldeak PPren ekitaldi batean egindako beste aktuazio hau:
Umorea behintzat ez zaigu falta eta, gaitzerdi.