Ohar nekrologikoa idazmakina bati

Gorka Bereziartua
0

Hildako idazmakina bat

Ohar nekrologikoak idaztea iruditu zait beti genero periodistikoen artean zailena eta horregatik, beste erremediorik geratu ez denean bakarrik praktikatzen saiatu izan naiz, ahal izan dudan guztietan artikulua sinatu gabe utziz (edo sinadura faltsuaren atzean nire burua koldarkeriaz ezkutatuz). Baina, apiril giroak kutsatuta-edo, pentsatu dut badela garaia hil-oharrak idazten ikasteko ere. Zer arraio, bere garaian ikasi genuen espinakak jaten ere eta, ez al gara ba fundamentuzko nekrologika bat idazteko gai izango? Bai, hildako bati buruzko ohar bat egingo dut ostiraleko (apirilak 29) Arratsean saiorako –esan nion nire buruari, asteartean-edo–; gai izango naiz horretarako.

Behin erabakia hartutakoan ordea, konturatzen zara zerbait falta zaizula. Behar duzu zer edo zer. Hildako bat, zehazki. Duela gutxikoa ahal bada (parentesi bat hemen, esateko ez dela derrigorrezkoa ere: Antonio Tabucchi-ren Pereirak dioenez nobelan Monteiro Rossik oraindik hil gabeko pertsona ezagunen hil-oharrak eskribitzen zituen, Tejo ibaia Lisboatik pasatzen dela probestuz, faxismoari kritika gordinak egiteko –barka parentesiaren luzea).
Baina demagun baietz, beharrezkoa dela fianbre fresko samar bat nekrologika egiteko. Hor hasten dira komeriak, berriki hil den inor ez baituzu nahikoa ezagutzen haren ibilbideari ertzak leunduz testu on bat ateratzeko*. Eta alferrikakoa da behin inor hil denean ikertzen hastea: homo sapiensen biziarekin batera joaten da haiei buruz esateko zegoen txar guztia; heriotzak balio du ia mundu guztiaren bizitzaren narratiba ezin garbiagoa ziurtatzeko**.
Nekrologika idatzi nahi eta ezin, beraz. Horrela nenbilen asteazkenean, ostegunean, gaur goizean… Eta orduak aurrera, eta nik nekrologikarik idazteko hildakorik ez. Hona sartu baino ordubete lehenago aurkitu dut irtenbidea: Interneteko lotura bat, ia epifania baten moduan agertua, nire animo abaildua aste honetako albiste bateraino eramateko, hildako batenganaino, zeina ondo samar ezagutzen dudan, baina era berean, lasai larrutu dezakedan, ematen baitu inori ez zaiola gehiegi axola haren heriotza. Hildakoaren izena: Idazmakina. Batzuek beharbada Eskribitzeko Makina izenarekin ere ezagutuko zenuten. Lagun artean Olivetti deitzen zioten. Hau da haren ohar nekrologikoa (testua behean ere itsatsi dugu, ondo irakurri ezingo bazenu ere).
Idazmakinaren nekrologika ekarri zuen joan den astean periodikoak

Idazmakina: bihotz bako erreminta, erreminta bako bihotzentzat

Idazmakina (1870-2011) apirilaren 26an hil zen Mumbain. Godrej and Boyce fabrikaren barruan aurkitu zuten gorpua herdoiltzen hasia. 140 urte baino gehiago bizi diren gehienekin gertatzen den moduan, urte asko zeramatzan eritasun larriekin eta albisteak ludi osoko jendea tristetu duen arren, gezurretan ariko ginateke inor harritu duela esango bagenu.
Haurtzaro gorrienetik jende ezagunaren konpainiarekin gozatu du Idazmakinak. Bederatzi urte besterik ez zituen Friederich Nietzsche filosofo alemaniarra ezagutu zuenean; enkontruak bien bizitzak aldatu zituen erabat, nahiz eta bien arteko adin tartea kontuan hartzeko modukoa izan. Diferentzia hori baino handiagoa zen biak batzen zituena, ordea. Honela deskribatu zuen Antikristoaren egileak Idazmakina: “Ni bezala, burdinez egina zaude, baina bidaietan hauskorra zara. Pazientzia eta kontua soberan. Atzamar trebez, exigitzen dugu”.
Ez zen hain gozoa izan T.S. Eliot poetarekin izan zuen harremana, nahiz eta XX. mende hasierako prentsak nahiago izan zuen, hezur-haragizkoa zelako ziurrenik, Eliotek Vivien Haigh-Woodekin izan zuen harremana haizatu. Edonola, Idazmakinak askoz gehiago eragin zuen poeta anglo-estatubatuarraren idazkeran haren emazteak baino. Hori igartzen da behintzat 1916an Conrad Aikeni idatzi zion gutun batean: “Nire poemak Idazmakinarekin konposatzean sentsazioa daukat laketzen nintzen esaldi luze guztiak aldatzen ditudala, prosa frantses modernoa bezain ebakitzailea den staccato batekin. Idazmakinak buru-argitasuna bultzatuko du, baina ez nago ziur sotiltasunarekin gauza bera egiten duenik”.
Dena ez dira idazle eta pentsalariak izan, ordea, Idazmakinaren bizitzan. Luze joko luke XX. mendean izan dituen amodio eta desamodioak zerrendatzeak; esango dugun bakarra da azken urteotan hiltzaileak ere gurutzatu direla haren bidean. 1996an euskal idazle batek, Harkaitz Canok atera behar izan zuen krimena argitzera, eskandalua piztera. Idazmakina, Olivetti lagunentzat, hiltzaile eroen kolaboratzaile ere bihurtua zen. Hona zer irakurtzen den Beluna Jazz nobelan “Zubi Altxagarriko Estrangulatzaileaz”:

Baina bazen besterik ere: Anatol kasu, «Zubi Altxagarriko Estrangulatzailea», idazle frustratua zena, Ipar Afrikan soldadutza egin ostean, arrakasta handia lortu ustean bere memoriak idatzi zituena, egundoko argitalpen porrota eraginez. Bere autoa salduz hasi, etxea hipotekatu eta ondasun guztiak gurindu zituen, lorturiko diruaz osterantzean batere saltzen ez ziren bere liburuak erosteko. Abildade berezia zuen Anatolek mozorrotzeko: hogei aldiz mozorro zitekeen goiz bakarrean liburudenda berera sartu eta sarraldi bakoitzean bere liburu bat erosteko. Ongi aukeratzen zituen, ordea, Anatolek liburudendak: salduenen zerrendak egiteko datuak hartzen zituztenetara baino ez zuen jotzen. Anatolek, bere liburuak erosten jarraitu zuen, jo eta su, eta best sellerren zerrendan sartzea lortu zuenean bigarrena baino ez zela ikusirik, burua erabat galduta, aurretik zihoan lehiakidearen liburuak erosten zituztenak estrangulatzeari ekin zion. Herriko zubi altxagarriaren ondoan babesa hartu, eta itoarazi ondoren uretara botatzen zituen irakurle koitaduak, urpeko tximeletak ferratzera, lastaira gisara Hispano Olivetti bana lepoaren inguruan soka batez lotuta. Zenbaitek «Olivetti hiltzailea» ezizenez ere ezagutzen zuten bere modus operandi bitxia medio.

Batzuek ez zioten horrelako basakerian kolaboratu izana barkatu Idazmakinari. Azken hamar-hamabost urteetan ostrazismora kondenatu du gizarteak eta azkenerako, fabrika zahar batean jo du azken letra. Guk, erruak erru, barkatzen dizkiogu okerrak. Ziur gaude erditu duen haur gazteak, ordenagailuak, askoz gauza beldurgarriagoak egiteko bokazioa daukala, teklekin soinu gutxiago atereaz bada ere***.

* Testua joan den ostiralerako prestatu nuen, Bin Ladenen hilketaren berria atera aurretik; bestela erraza izango nuen nekrologika idaztea, ez Al Kaedako liderra ezagutzen nuelako, hari buruzko zerbait mundu guztiak dakielako baizik, edo hala uste dugu behintzat

** Berriz Bin Laden aipatu behar: epaiketarik gabeko exekuzioa hainbat lekutan nola ospatu duten ikusita, argi dago goian azaldutako araua betetzeko behar den ezinbesteko salbuespena dela.

*** Eta hau guztia esanda, testu hau FAIL! gisa sailkatu beharko ote nukeen ala ez, zalantza hori daukat. Ematen duenez, ez baitira idazmakinak ekoizten dituzten fabrikak falta munduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA