Top 5: bizi dugun demokrazia festa honetarako kantak

Gorka Bereziartua
8

Irakasleak: "Zer da demokrazia?". Ikasleak: "Demokrazia da gure diktadoreak aukeratzeko askatasuna".

Espainia herrialde demokratikoa da eta, ikuspuntu beretik begiratuta, Justin Bieber musika garaikidearen historiako konpositore eta interprete handiena. Herenegun Goreneko epaileek ebatzitakoa etzira bitartean Konstituzionalekoek atzera botatzen ez badute, berriz ere sufragio unibertsalik gabeko hauteskundeak izango ditugu. Demokraziaren festa horrek soinu banda egokia behar duela uste dut (Bieberrenaz gain, noski) eta proposatzea libre denez, nire Top 5a daukazue irakur-entzungai jarraian.

5.- Lif, Epaile:
Berak erabakitzen du nork bozka dezakeen eta nor izan daitekeen bozkatua; haren iritziaren arabera daude batzuk kutsatuta eta besteak garbi; hark erabakiko du indarkeria arbuiatzea sinesgarria ote den ala bestelako intentzioekin egina. Baina, nork epaituko du epailea? Lif-en kanta honetako errepikak egoera horretara garamatza: “epaile epaitua!”.

4.- Manic Street Preachers, Generation terrorists:
Eta momentuz epaileek erabaki dute Bilduko zerrendak ETAren estrategiaren barruan sartzen direla. Gezurra diote beraz: ETA inoiz baino indartsuago dago, begira zenbat kide dituen prest aurpegia estali gabe terrorismo elektorala praktikatzeko. Belaunaldi oso bat, batere konturatu gabe, prezio merkeegian, terrorista bihurtua. Generation terrorists.

3.- Guns N’ Roses, Chinese democracy:
Ez, badakigu, Bilduren zerrendetakoak ez dira ETAkoak. Baina orduan, hauteskundeetan parte hartzen uzten ez badiete, zer demokrazia klase da hau? PPSOE alderdiaren neurrira egindakoa, dirudienez. Alderdi bakarrekoa, alegia. Txinako eredua imitatuz egituratutako demokrazia dela esango genuke, 40 urtean Espainian bertan ondutako urdaiazpiko zaporeko demokrazia organikoa existitu izan ez balitz.

2.- Rage Against The Machine, Voice of the voiceless:
Denek ezingo dute parte hartu beharbada. Agian, epaileek ahotsik gabe utziko dituzte batzuk berriro. Makina judizialaren kontrako herra besterik ez du piztuko horrek, inola ere ez desesperantzarik. Ezingo baitute ahotsik gabekoen ahotsa isildu, Rage Against The Machinen kanta honek behin eta berriro oihukatzen duen moduan.

1.- John Lennon, Power to the People:
Eta gauzak argi uzteko, demokrazia zer den azaltzen duen abesti bat, John Lennonen eskutik. Bai, Lennon. Bakea ahotan, gerra eskuetan bizi direnek hainbeste maite duten kanta hura, Imagine ezin aspergarriago hura, egin zuen tipo bera. Lennonek bazekien Zengakuren baten maneran jantzi eta ukabila altxatzen ere, Power to the People, boterea herriarentzat, ozen eskatzeko. Guk ere hori besterik ez dugu eskatzen.

Honekin lotuta: su-eten garairako kanten top-5a.

8 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA