Kultura-guneei buruzko inkestek (eta inkestek, oro har) zerbaiterako balio ote duten

Gorka Bereziartua
0

Montehermoso kultura-gunearen eraikina

Enteratu ez baldin bazarete ere, hauteskunde kanpaina hasi da. Maiatzaren 22ra bitartean inkestak barra-barra publikatuko dira eta berotu ederra eman beharko dio telefonoaren kobrezko hariari Antoniak, Lorentxak edo Mari Joxek, kalera ateratzeko zorian tele-operadore batek urrundik lakioa bota eta ez baita ausartuko esaten –kortesia eta errespetua beti aurretik; horren zibikoak gara, izan ere–, pitokeria hutsa iruditzen zaizkiola boto-asmoari buruzko galdeketa horiek; pentsatzen duela, emaitza orokorrak aurrez ezarrita egoten direla, inkesta eskatu duen periodikoaren ildo-editorialari men eginez gehienetan; eta bestela balitz ere, berak ez duela zertan inori kontatu nori emango dion boza, zerbaitengatik dela herritar guztien eskubidea sex-shopetakoen antza duten kabina horietara sartuta sobre ezin birjin eta aratzago bat lizunkeriaz betetako bozka batekin zikintzea. Laburbiltzeko, Antoniak, Lorentxak edo Mari Joxek uste du inkesta horien emaitzek erakusten dutela, asko jota, jendaurrean harreman sexualak edukitzeko prest dauden herritarrek nori bozkatuko lioketen, eta lagin horrek, ez dituela herritar guztiak ordezkatzen.

Ez dakigu Gasteizen bizi den Antoniak, Lorentxak edo Mari Joxek, erantzungo duen inkesta horretan sartu ote den hiriko kultura-gune bati buruzko inkesta, Montehermosori buruzkoa. EAJ izeneko alderdi demokrata-kristauko kideak, jo eta su ari dira hori egin dezatela eskatzen. Beraien alde esan behar da, ez dela hauteskunde kanpainaren karietara abiatu duten kanpaina, aspalditik ari direla Fray Zacarías Martinez kalearen inguruan hegaka. Beraien kontra, bitxia dela gutxienez, beste zerbait ez esateagatik, akusatzeko erabiltzen den atzamarrarekin zehazki Montehermoso seinalatzea, eta ez Gasteizen egin diren beste zenbait inbertsio kultural.
2009ko albiste batean jada Gasteizko EAJk, Jone Zamarbideren ahotik “norabidea aldatzeko” eskatu zuen, Montehermoso ez zedin bihurtu (zita testuala da) “abangoardiako artearen kontainer bat”. Xabier Arakistainek zuzentzen duen zentroak urteak daramatza arte eta pentsamendu garaikiderentzat espazio erreferentziala izaten, sexuen arteko berdintasunarekin harremana duten gaietan indar berezia jarriz.
Ez, ez da ohiko kultura-gune publikoa. Programatzen dituen ekintzak, jardunaldiak, erakusketak, zernahi, ez dira maioritario izateko bokazioarekin eginak, akaso; feminismoaren korronte ugarik ez dute oraindik korrekzioaren galbahea pasatzen; onpentsalari askori (ez diegu karka deituko umeentzako ordutegian) ziur ez zaiela gustatzen ezta Arakistainen estetika ere. Eta gibeleko problemak sortzen dizkie “jende horrek” hirian leku txukun bat edukitzeak.
Baina hain zuzen, izaera horrengatik lortu du Montehermosok erakundeetatik bultzatutako beste kultura-azpiegitura askori kostako zaiena: inor indiferente ez uztea. Kontsentsuzkoa ez izateak, ordea, baditu arriskuak. Bat da, ez txikiena gainera, beti leporatu ahalko dizutela Zamarbidek 2009an jada egiten zuen moduan, ez zarela herritar guztientzat ari lanean.
Inkesta eskatzen ari dira, beraz, herritarrek esan dezaten zenbateraino ezagutzen duten Montehermosoren eskaintza; ez hiriko kultura-azpiegitura guztiena, ez; Montehermosorena bakarrik. Eta hori lortzen duten bitartean ari dira lan, nola esan, pedagogikoa egiten. Malentxo Arruabarrenak, Arabako kultura diputatuak, feminismo asko daudela adierazi zuen eta Xabier Arakistainek Montehermoson bultzatzen duenak (hau ere, zita testuala da) “emakumeei min egiten diela”.
Inkestak batere maite ez dituen Antoniak, Lorentxak edo Mari Joxek gogoa dauka ordea, Montehermosori buruz galde diezaioten, behin baino gehiagotan izan baita bertan eta, batzuetan gusturago, besteetan ez hainbeste, iritzi baikorra du zentroaz. Ez, Antoniak, Lorentxak edo Mari Joxek ez du Gasteiz osoa ordezkatzen. Baina horregatik dauka, hain zuzen ere, atsegin duen eskaintza kulturala eskura edukitzeko eskubidea, maiatzaren 22an bozkatzekoa bezain garrantzitsua dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA