Fikzioaren Twitterrak

Gorka Bereziartua
0

Gaurko post- honen abiapuntua: Henry Kissinger

Masokismo puntu batekin, aitortzen dut, bolada batean Twitterren jarraitu nituen zenbait politikari, kazetari eta iritzi-emaile eskuindar eta ultra-eskuindar, konturatu nintzen arte nire osasun ideologikoari kalte besterik ez niola egiten egunero 140 karaktereko kontserbadurismo gogorrenaren dosiak injektatuz. Oreka mentalaren mesedetan, azken hilabeteotan utzi egin diot Pedro J. Ramirez, Carlos Dávila eta Arcadi Espada jarraitzeari, besteak beste, baina bizio txikiren bat utzi behar zaio garunari, bestela gaizki ohitzen da, eta nire kasuan bizio horrek izen bat dauka: Henry Kissinger.

Ez, Nixonen administrazioan estatu-idazkari izandako gizonak ez dauka Twitter konturik, baina halere, badago Henry Kissinger izeneko erabiltzaile bat sarean, gaur egungo albisteei buruzko iritziak barra-barra botatzen. Parodia bat da, mundua Kissingerren begiek nola distortsionatuko luketen irudikatzen duena, umore beltz askorekin. Siriako egoera nahasia dela? Bashar-al Assad presidentearen aginduz ehunka lagun hiltzen ari direla? Ba, Henry Kissingerrek zera esango du Twitterren:

Assadek EZ dauzka eskuak odolez zikinduta. Nancyk eta biok bere urtebetetze egunerako oparitu genizkion kaxmirrezko eskularruak dauzka jantzita

Asuntua da, Kissinger jarraitzen hasi nintzenetik, beste hainbat pertsonaiaren parodiak ere sartzen hasi direla jarraitzen ditudanen zerrendan. Hosni Mubaraken parodia ugariei esker, Egiptoko urte hasierako gertakariak telebistan ikusi bitartean, irribarre maltzurren bat atera zitzaidan. Otsailaren 11n, diktadoreak kargua utziko zuela publikoki adierazi zuenean, parodia horietako batek honela esplikatu zuen egoera:

Opor batzuk hartzera noa, baina dena ondo doa.

Horrelako profilek gainditu egiten dute Twitter bezalako sareek sorreran zeukaten asmo komunikatiboa. Benetako pertsonaien arteko elkarrizketa arruntak izan ordez, benetako pertsonen fikziozko errepresentazioak egiten dituzte, pertsonaia bihurtzen dute pertsona, famatuaren izaerari buruzko konbentzioak erabiltzen dituzte, momentuan komedia pieza txikiak sortzeko.
Eta fikzio berri hau ez da pertsonaia errealetatik abiatzen beti. Adibidez, Homer Simpsonek Twitterren idazten du, baita How I met your Mother telesaileko Barney Stinsonek ere; eta Star Warseko Darth Vaderrek; eta Indiana Jonesek; eta Eraztunen Jaunako Frodok; eta Batmanen filmetako Jokerrek; eta Spidermanek; eta euskaraz, Zaldi Eroaren Berriako zintetako Mitxelena XVI.ak; eta euskaltegiko Yodak; eta Mieltxo plastilina irakasleak; eta Txosten eta Emendakina euskal super zeozerrek… Zerrenda zeruraino iristen da, literalki zeruraino, Jesukristok ere bai baitauka Twitterra. @KingoftheJews profilean, ingelesez (oraingo inperioaren hizkuntza hori baita) gaur egungo gizarteari buruzko iritzi profetikoak ematen ditu arotzaren semeak.
Batzuetan, gainera, elkarrekin hizketan hasten dira.

Darth Vaderrek jarraitzaile bakarra ote dauka Twitterren?

Twitterrek erakusten du Internet literaturarentzat esparru paregabea dela. Ez duela hainbeste inporta testua paperean ala pantailan egoteak, gakoa pertsonaietan, egoeretan, estiloan, hizkeran… horrelako ezaugarrietan dagoela. Eta kasu zehatz honetan, inportanteena oso identitate digital zehatz eta definitua daukaten pertsonaiak eraikitzea dela, baita gero, eguneroko albisteei buruz pertsonaia horrek esango lukeena egiantzekotasunez asmatzea ere.
Kasurik distiratsuenetan, tankera honetako pertsonaia fiktizioak errealitatea baino sinesgarriagoak bihurtzen dira. Aste honetan izan naiz horren lekuko. Badago Masa Enfurecida izeneko Twitter profil bat, Espainiako iritzi giro asaldatua errepresentatzeko sortua. Beti letra larriz idazten du, oihuka ariko balitz bezala, eta bere mezuak arrazakeriaz, euskaldunen edo katalanen aurkako irainez eta homofobiaz beteta daude.
Bada, asteazkenean, Hegoaldekoon telebistetan bi albiste nagusiak Murtziako lurrikarak eragindako tragedia eta Bartzelonaren liga-garaipena zirenean, Masa Haserretuak galdetu zuen, ea katalan zikin horiek futboleko garaipen hori ospatu behar ote zuten, Espainia osoa lutoz jantzita zegoen bitartean. Nire harridura handik ordu batzuetara etorri zen, Libertad Digital agerkari ultraeskuindarrean honako titularra topatu nuenean: “El terremoto de Lorca no altera las celebraciones del Barça” (Lorcako lurrikarak ez du aldatu Barçaren ospakizuna).
Topiko hutsa da jarraian datorren baieztapena baina, fikzioak, liburuetan edo interneten, beti ateratzen dio izter bateko aldea errealitateari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA