Pueblo Estatal, 2011-05-25
Bai, dei nazakezue: “Indie de mierda”, “modernillo impostor”, “tonto gafapastas”, “estúpido snob” edo are, “burgués”, “niño de papá”, “listillo”, “bastardo”, “gilipollas”, “hijoputa”. Atzo bertan, kronikak idazten hasi baino lehen, lehenengo kritiko zorrotza jaso genuen dagoeneko hemen, “enpresa pribatu batek bultzatu eta ordainduriko kultura” hedatzeagatik.
Nire betarurrekoak borobilak eta finak dira, baina ulertu dezaket hau guztia fenomeno neokapitalista (edo post- edo after- edo nu-) dela salatzen duenaren errezeloa. Haatik, konbentzituta nago zailtasun handirik gabe frogatu daitekeela honakoa dela, hala antolamendu aldetik nola musikaren kalitateagatik, pop kulturako musika festibalik bikainenetakoa. Ez da nire helburua hemen hori frogatzea ordea, eguneroko kronika soziokultural gutxi gora-beherako eta axalekoa eskeintzea baizik. Hartara, hona etorri nahi bai baina ezin izan duzuenok (ezagutzen dut bat baino gehiago) amorrazioz irakurriko nauzue, eta PS gorrotatzen duzuenok zeuen herra bideratzeko modua edukiko duzue. Denak kontent beraz.
Primavera Soundeko egun nagusiak osteguna, ostirala eta larunbata dira. Orduan jotzen dute talde gehienek Forum famatuan (Forum de las Culturas ustel hartako lekuan). Aurten ostera, asteazken eta igandean kontzertu gehiago programatu dituzte Poble Espanyolean, jaialdiko lehenengo urteetako espazioa izan zenean. Atzokoa, hortaz, aperitibo gisa hartu zitekeen. Comet Gain taldea ikustera joateko asmoa nuen baina, zegoen jendetza gora-behera, luze jo zuen jaialdian sartzeko beharrezkoa den pultsera hartzeak, eta azkeneko bi abestiak baino ezin izan nituen entzun. Lehenago, iladan, bi euskal literatorekin egin nuen topo (gehiago etorriko dira egunotan, beren ibileren berri emango dizuet). Soilik bi abesti entzuteko parada izan nuen arren, azken aurrekoa You Can Hide Your Love Forever ederra izan zen, infinitu buelta eman zizkiotenak (ondo egina, merezi baitu) “You, you can hide, you can hide, you can hide your love forever…”.
Baina atzoko izarrak Echo & Bunnymen beteranoak ziren. Plaza lepo zegoela –esan zidatenez, ez zuten jende gehiago sartzen uzten- azaldu ziren agertokian beren lehengo bi diskoak jotzeko prest: Crocodiles (1980) eta Heaven Up Here (1981; ez kasu egin Spotify-ri, ez da 1900ekoa). Zaharruno andana publikoan beren garai loriatsuak-edo gogoratzen. Jendea kexu zen egunean zeharko soinua ez zelako ona izan, baina Echo & Bunnymenek aski ongi soinu egin zuela iruditu zitzaidan. Argi joko sinple baina eraginkorrak, gainera, apenas mugitzen ziren musikariak itzalpetan uzten zituenak, laurogehigarren hamarkadako giro ilun eta ketsua ongi irudikatu zuen. Zaharrunoei krak egin zien bihotzean.
Egun luzeak datozela ikusita, 23:00etan jotzen zuen Caribou ikusi gabe alde egin nuen. Kanpoaldean ilada luze-luze bat, egunotan izan dezakegunaren adierazle izan daitekeena –jende gehienaren beldurra da iazko gehiegizko iladak errepikatu edo areagotuko ote diren-. We’ll see (eta modernoak english speaking).
P.D: Gaurko aurreikusitako ibilbidea: Marina Gallardo, Emeralds, Sonny & The Sunsets, The Fresh & Onlys, P.I.L, Grinderman edo The Walkmen (that’s the question), Interpol, The Flaming Lips, El Guincho.
Beñat Sarasola
1 Iruzkin
[…] PS11 (I): Zaharruno power […]