PS11 (II): John Lydon eta Glenn Brancaren legea

Beñat Sarasola
0


Foruma, 2011-05-26
Egindako ibilbidea: Marina Gallardo, Emeralds, Sonny & The Sunsets, The Fresh & Onlys, Public Image Limited, Glenn Branca, Suicide, Ty Segall, Salem, El Guincho.
Zaharrunoek strike again. Atzoko kontzertuetan artean P.I.L eta Glenn Branca Ensemble-renak nabarmendu ziren. Azkenean, aurreikusitakoa baino ibilbide alternatiboagoa egin nuen (festibalaren izaerak eskatzen duen gisara), eta Grinderman, The Walkmen, Interpol eta The Flaming Lips alboratuta, Glenn Branca, Suicide, Ty Segall eta Salem ikusi nituen.
Public Image Limited izan zen John Lydon-ek (Johnny Rotten) sortu zuen taldea Sex Pistolsak banandu ondotik. 70. Hamarkada bukaerako post-punkaren erreferente bihurtu ziren eta askorentzat Sex Pistols askoz ezagunagoak baina garrantzitsuago eta hobeak izan ziren. Kontzertua First Issue izeneko lehenengo diskoko Public Image kanta indartsuarekin hasi zuten. Lydonekin batera jo zuten musikariak ederki aritu ziren atzo, bereziki Lu Edmons gitarra-jotzailea. Lydoni dagokionez, askori irudituko zaio halako bufoi moduko bat dela, baina sasoi bete-betean ikusi zitzaion, gustura eta publikoarekin ongi moldatuz (eskerrak eman zituen agertokian erretzen uzteagatik., Erresuma Batuan ezin omen da eta).  Kantatu bainoago, errezitatu-predikatu-rapeatu-oihukatu egiten du, eta erreak gogorki ahoskatzeko modu horrekin batera, kantatzeko modu bakan eta berezia garatu du. Bufoi bat baino askoz gehiago da Lydon jauna. Beren hit handienak jo zituzten: This Is Not a Love Song, Rise, Warrior eta abar.

Glenn Branca

Glenn Branca New Yorkeko abangoardiago erreferenteetako bat, besteak beste Sonic Youthekin lan egin izan duena. Lau gitarra-jotzaile eta baxu-jotzaile eta bateria-jotzaile banarekin aritu zen. Brancak seikotea zuzentzen zuen publikoari bizkarra emanda, musika klasikoko zuzendaria bailitzan, eta denek seriotasun harrigarriaz jarraitzen zioten hala Brancaren keinu xelebreei nola aurrean zuten partiturei. Musikak dezente izan zuen esperimentaletik, baina harrigarriki, soinu-horma indartsua lagun-edo, jendeak ederki asko bizi zuen kontzertua. Futbol partida bat izan balitz, ETBko esatariak dudarik gabe esango zukeen: “zoramena harmailetan, Juanan”.
Bi kontzertu horiek izan ziren niretzako aipagarrienak. Gainontzekoetatik, ezagutzen ez nituen Ty Segall kaliforniarrak ondo aritu ziren eta Suicide beterano-beteranoak oholtza gainean ikustea ere ederra izan zen, batez ere 73 urte dituen Alan Vega kantaria gaur egunerako ere hain muturrekoa den musika egiten (eta beren lehen diskoa, atzo jo zutena, 1977koa da!).
Eguneko arazo logistikoa: garagardoak erosteko tarjeta bidezko sistemak huts egin zuela. Aurtengo berrikuntzetako bat zen sistema hori, eta huts egitearen ondorioz iluntze arte ezin izan zen barretan ezer erosi, eta gero ilada luzeak sortu ziren eskudirutan eros zitekeelako bakarrik. Akats galanta, ziur aski aurtengo kontu aipatuenen artean egongo dena.
P.D: Gaurko aurreikusitako ibilbidea: Avi Buffalo, Tennis, M. Ward, The National, Belle & Sebastian, Shellac, Pulp.

Beñat Sarasola

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA