PS11 (III): Karisma edukitzea zer den

Beñat Sarasola
3

Jarvis Cocker, Pulp taldeko abeslaria, atzoko Primavera Soundeko kontzertuan

Foruma, 2011-05-27
Egindako ibilbidea: Avi Buffalo, The Monochrome Set, M. Ward, The National, Belle & Sebastian, Pulp, Battles.
Do You Remenber The First Time? abestiaren lehenengo konpasak entzuten hasi, agertokia iluntzen zuen oihal moduko bat askatu, argiak piztu, eta Jarvis Cocker jauna agertu zen bozgoragailu batzuen gainean. Hamar urte ziren Pulpek zuzenekorik jotzen ez zuela, eta atzokoa zen, gainera, bira berriko lehenengo kontzertua. Energia eta indar izugarriaz, emanaldi guztiaren jaun eta jabea izan zen Cocker. Musikariak bigarren planoan geratu ziren erabat; Cockerrek kantatzen zuen, Cockerrek hitz egiten zuen, Cocker igotzen zen bozgoragailuetara… Dudarik gabe, inoiz ikusi dudan frontman handienetakoa da britaniarra. Inork destainaz begiratzen bazuen brit-popa, inork zalantza egiten bazuen 90etako musikaz, atzokoa zen hori guztia zalantzan ipintzeko momentua. Handiak dira Pulp, handienetakoak. Abesti ezagunenak jo zituzten (Disco 2000, Babies, Underwear, This is Hardcore…) une bakar batean ere intentsitatea galdu gabe (ezta Bar Italia gisako abesti eder baina motelagoetan). Common People “Suminduei” eskeini zien: “poliziak jende andana ospitalera bidaltzea ez da gauza ona”. Eta publikoa, jakina, “#Spanishrevolution singing along for the common people” jartzen zuen pankarta eta guzti, Cockerren hankapean errendituta. Bisean Razzmatazz jo zuten, izen bereko Bartzelonako kluba aipatu ondoren. Kontzertu gogoangarri horietakoa izan zen, aurtengoen artean gehien nabarmenduko den horietako bat.

The National taldea

Lehenago, The National-ekoek ere emanaldi borobila eman zuten. Modako taldea direla frogatu zuten; jendez lepo zegoen, eta publikoko ugarik abestia guztiak letraz-letraz buruz zekizkien. Gitarrez osatutako soinu indartsua eta airez-sekzioa (tronpeta eta tronboia) lagun, hasi hasieratik lortu zuten ikusleak kontzertuan sartzea. Hala ere, agidanez, hainbeste jende zegoen ezen atzealdean zeudenek ezin izan baitzuten ongi entzun.
Antzekoa gertatu zitzaien Belle & Sebastianekoei, nahiz eta kasu honetan arazoa beraiena izan zen jendetzarena bainoago. Izan ere, halako kontzertu baterako —eta agertoki nagusirako— bolumen aski baxuegiarekin jo zuten, seguruenik musikari guztien soinua ongi jasotzeko beste aukerarik ez zutelako teknikariek. Formazio handi eta konplexua ekarri baitzuten. Abestiak dituzte —pentsa, klasiko bat baino gehiago utzi zuten bidean—, baina agertokia ez zen egokia halako talde bat entzuteko.  Auditoriumean, seguru asko, askoz ere kontzertu hobea eskeiniko zuketen.
Avi Buffalo gazteei ere eszenatoki nagusia handiegia egin zitzaien ziur aski, eta eguneko zaharrunoak The Monochrome Set izan ziren, kontzertu ederra eman zutenak.
Gaur John Calek joko du auditoriumean, baina itxura guztien arabera, zaila egongo da bertan sartzea —edukiera mugatua baitu—. Saiatu saiatuko gara, hori bai. Bestetik, futboleko Championseko finala dela eta ikusi beharko da zer gertatzen den. Zurrumurruek diote Llevant izeneko eszenatokian pantaila bat jarriko dutela partida ikusi nahi duenarentzat, baina ez dutela ofizial egin baimen kontuengatik. Kontua da PJ Harvey hasterako partidua amaitzeke egongo dela oraindik. Nork irabaziko ote du? Indiek edo futboleroek?
P.D: Aurreikusitako ibilbidea: John Cale & Band, Phosphorescent, Kurt Vile & The Violators, PJ Harvey, Mogwai, Animal Collective, DJ Coco.

Beñat Sarasola

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA