PS11 (eta IV): Transzendentziaren bideetan

Beñat Sarasola
3

PJ Harvey

Foruma, 2011-05-28
Egindako ibilbidea: Yuck, Phosphorescents, Einstürzende Neubauten, PJ Harvey, Mogwai, Animal Collective, DJ Coco.
Musika ez da soilik akorde segida bat, eta talde indie ugarik nahi izaten du hain zuzen ere, musika entzungarri baten gaindiko musika egitea. Duela hamarkada batzuk egongo bagina “transzendentzia” esango genukeen hori erdiestea. Atzokoan saiakera horren bi adibide garbi izan genituen: Einstürzende Neubauten eta PJ Harvey. Eta baita saiakeraren bi alderdiak ere.

Atzo azaldu bezala, PJ Harvey hasi zenean Barça eta Manchester Uniteden arteko partida —Llevant eszenatokian eman zutena— amaitu gabe zegoen oraindik, eta ongi antzematen zen publikoan, ohi baino jende gutxiago baitzegoen zain Harvey agertokira noiz irtengo. Hamar minutu berandu-edo hasi zen (nahita akaso, futboleroek ailegatzeko denbora izan zezaten), eta kasik izara bat ematen zuen soineko zuri batekin eta ilean ipinitako luma zuri batzuekin azaldu zen autoarpa eskuan. Instrumentu berezi hau azken aldian geroz eta gehiago erabiltzen dela esango nuke; gurean, esaterako, Mursegok erabili ohi du halaber. Harvey-ren azkeneko disko goraipatuan —Let England Shake— presentzia handia du “sakeleko arpa” honek eta giro eta ñabardura bereziak sorrarazten ditu, baina zuzenean, batez ere bere abesti zahar batzuetarako (C’mon Billyrako adibidez), ez ninduen hainbeste konbentzitu. Azkeneko diskoa grabatu duen musikariekin, berrogeita hamarren bueltan dauden hiru musikari delikatu eta profesionalekin —tartean bere anaia Mick—, jotzen du bira honetan, eta egiten duten musika aski maila onekoa bada ere, eta Harveyen ahotsa zoragarria, guztia neurtuegia zegoelako sentipena geratu zitzaidan, halako gehiegizko ukitu artya zuela. Handinahi gehiegi eta indar gutxiegi nire gusturako. Azkeneko bi diskoetan soinu elektrikoa baztertzera egin du Harvey andereak, eta zuzenekoetan ere ondo antzematen da aldaketa hori. Nahiago nukeen Harveyren 90. hamarkadako kontzertu bat ikusi 2011ko bat baino, baina orduan ez zegoen Primavera Soundik eta ni gazte eta berde nintzen, gazte eta berdeago.
Einstürzende Neubauten

Einstürzende Neubautenen kontzertu batera doan edonor berehala jabetzen da bere eskaintzak musika bera gainditzen duela. Muturreko esperientzia da alemaniarrek proposatzen dutena, amorerik eta erraztasunik ematen ez duena. Perkusio eta baxuaren doinuak zein Blixa Bargeld kantari eta liderraren jarrera eta oihuak dira nagusi. Txatarraz osatutako bateria eta perkutsio sekzioarekin, Tom Waitsen low-fi ukitu batzuk eta Nick Cave-n lehenengo disko basatiak —Bargeld Caven gitarrajolea izan da urtetan— gogora ekar ditzake beharbada, baina Einstürzende Neubautenen musika bakana da. Ez da beraiena etxean etengabe edo sukaldatu bitartean entzuteko modukoa, baina seguru kontzertua jaialdiko aipatuenen artean geratuko dela.
Arratsaldearen Yuck talde britaniarrak jo zuen ATP izeneko agertokian. Jendez lepo zegoen lekua, are gehiago ordu horretarako, eta kontzertu ederra eman zuten Londresko lau gazteek. Otsaila honetan irten den beren lehenengo diskoa urteko disko onenen zerrendan egotekoa da, eta zuzenean ere zer esateko ugari dutela frogatu zuten. Tweet-pop zaratatsuaren eremuan The Pains Of Being Pure At Heart-en oinordeko abantailatuenak direla esango nuke; beren arrastoa jarraitu beharko da datozen urteotan.
Aurtengoak ere Primavera Soundeko aurreko urteetako musika maila altua mantendu du —eta akaso hobetu—, baina antolamendu aldetik ezin gauza bera esan. Pasa diren urteetako beldurretako bat izan da jaialdiak jendez gainezka egingo ote duen, eta aurten beldur hori, apaldu baino areagotu egin dela esango nuke —tragoak hartzeko arazoak, zenbait eszenatokien arteko interferentziak, kontzertu masifikatuak…—, eta errezelo honi bertan behera geratu zen txartel bidezko ordainketa sistemaren akats potoloa gehitu behar zaio. Horixe izango da, seguru asko, datorren urterako antolatzaileen erronka nagusia; musika maila mantendu eta antolamendua hobetzea. Okerrik ezean, datorren urtean kontatuko dizuegu.
Osasuna eta musika ona!
PD: Igandea.

Beñat Sarasola

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA