Lost in the SuperDurangoMarket (II)

Gorka Bereziartua
0

Horiei buruz besterik hitz egiten ez dugun arren, Durangokoa ez da nobedadeen azoka eta ez daude azken hiru hilabeteotan publikatutako gauzak soilik salgai. Industria editorialak bere legeak ezartzen ditu eta labetik atera berri diren produktuak izango dira gehien mugituko direnak, baina hemen ez daukagu lege horren esanetara makurtzeko gogorik; horregatik gomendatuko ditugu gaur, apirilean publikatutako nobela bat eta 1980ko hamarkadako pop ikono baten diskoa.
Liburua: Mea culpa, Uxue Apaolaza.

'Mea culpa', Uxue Apaolaza

Euskal “gauza”-ri buruz (“gatazka” hitz erabiliegia da honezkero) asko idatzi da eta gehiago idatziko, liburu on, erdipurdiko, txar, ugari denetatik ere, baina nik leitu ditudanen artean gutxik jartzen dute fokua Uxue Apaolazaren Mea culpako protagonista bezalakoetan. Ez da “biktima zuzena”, baina bai (espresio gastatuekin segitzeko) “kolaterala”. Nerabezaroan ezker abertzalekoa, gero herriko girotik urrundu eta Madrilera bizitzera joana, nobela bat idazten ari da orain Lur; Landetara abiatu da obra bukatzeko; bidean iraganarekin egingo du topo, lagunak, ezagunak, herriko jendea… Eta haiek hiltzen hasiko da. Apaolazak atzamarra min egiten duen lekuetan sartu du nobela honetan, bati baino gehiagori arrunt deserosoa egingo zaio irakurtzea. Baina liburuetan autokonbentzimendutik haragoko gauzak bilatzen baldin badituzu, gustatuko zaizu Mea culpa.
Diskoa: Patta ta Sendaezinak, Patta ta Sendaezinak.
Patta ta Sendaezinak, 'Idem'

“Euskal poparen aro loriatsua iritsiko da!” zioen duela gutxi Leire Lopezek Berriako zutabe batean, “Euskal Rock Erradikalaren jardueraren behin betiko amaitzea bezainbeste desiratzen dut”. Hemen “iritsi dadila behingoz” diogu; eta gehituko dugu: “iristen den bitartean goratu ditzagun bide horri ekin zioten ausartak”. Jesus Sudupe Patta adibidez. Jotakie taldearen sortzaileetakoa, 1980ko hamarkadan pop-rock euskalduna posible zela erakutsi zuten, denak ez zuela zertan punk izan. Bada, urte mordoska baten ondoren bueltan da, Gaztelupeko Hotsak-en eskutik argitaratu duen diskoa besapean. Soinu otxenteroa du Patta ta Sendaezinak-en diskoak, ukaezina da hori, baina produkzio kontuak gorabehera, kanta sorta polita osatu du hemen entzun dezakezun Aspertuta singlea lekuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA