Boligrafo Gorria
Literatura
by Gorka Bereziartua
  • Literatura

Polizia has daiteke pertsonaia literarioak atxilotzen

Gorka Bereziartua
2012-02-14
1

Humbert Humbert, Nabokoven 'Lolita' nobelako protagonista

Nobela hartu eta irakurtzen duzu: “Begirada ilun ona (…) Matrail sendoa, esku gihartsua, ahots sakon eta ozena”. Tipoari itxura hartzen hasten zara: “Banintzen eta oraindik banaiz, malurak malura, izugarri gizon erakargarria; mugimendu mantsokoa, altua, ile leun iluna eta goibela izanagatik planta seduktorekoa. Gizontasun ezohikoak subjektuaren ageriko ezaugarrietan maiz islatzen du zerbait zakarra eta bildua, ezkutatzeko daukan horri dagokiona. Eta hori zen nire kasua”. Gutxi gorabehera egina duzu argazkia buruan: “Luzanga, hezur handikoa, artilezko bularra daukan Humbert Humbert naiz ordea, bekain beltz zabalekin (…) Mutikoaren irribarre horren atzean, munstro ustelez betetako zulo beltz bat (…) Zimino zaharraren begiak (…) Humberten aurpegiak neuralgia-keinuak egin ditzake”. Vladimir Nabokoven Lolitatik ateratako deskribapen horiekin eleberriko narratzaile eta protagonista nolakoa den irudikatzen ahal duzu. Baina gaur egungo teknologiekin, zerbait gehiago ere egin daiteke: pertsonaien erretratu-robotak.
The Composites mikrobloga ideia horretatik abiatu da. Poliziak ikerketa kriminaletarako erabiltzen duen programa baten bertsioa erabili du Brian Joseph Davisek horretarako; eta otsailean dozena bat aurpegi sareratu ditu dagoeneko. Pertsonaia aski ezagunak dira, Flauberten Madame Bovaryko Emma edo Dashiell Hammetten Maltako belatza nobelako Sam Spade detektibea kasu.
Sam Spade ('Maltako belatza', Dashiell Hammett)

Emma Bovary ('Madame Bovary', Gustave Flaubert)

Konparazioak egiteko aukera ere ematen du, nobela horiek pelikula bihurtu dituztenean. Ba al dute antzik Humbert Humberten erretratu-robotak eta 1962an James Masonek Kubricken Lolitan antzeztu pertsonaiak? Highsmithek Ripley Trebean Tom Ripleyz egiten duen deskribapenarekin ateratako aurpegia eta 1999ko The talented Mr. Ripley filmean Matt Damonek daukan itxura nahiko antzekoak dira, adibidez.
Tom Ripley ('Ripley trebea', Patricia Highsmith)

Tom Ripley, Matt Damonek antzeztua

Ondo legoke norbait euskal literaturako pertsonaiekin horrelako erretratu-robotak egitera animatuko balitz. Twisteko Diego Lazkano kalean topatuko banu, jakinaren gainean egon nahi nuke, trago bat ateratzeko baino ez bada ere.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

dashiell hammettemma bovaryerretratu-robotakgustave flauberthumbert humbertlolitamadame bovarymaltako belatzapatricia highsmithripley trebeasam spadethe compositestom ripleyvladimir nabokov
1 Iruzkin
    Manex Agirre (e)k dio: Erantzun
    2012-02-14, 13:17

    Bua, ze dezepzioa Sam Spaderenarekin. Agresiboagoa irudikatzen duen, eta mozolo aurpegi galanta dauka…
    Euskal literaturan ariketa hau egitea ondo legoke, Twist-enaren bidetik. Nik beti imajinatu dut Autokarabanako protagonista Jon Maiaren aurpegiarekin…

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Arrakastak ez duela ezer balio? Chi Cheng komatik esnatu da2012-02-13
Sautrela ez da desagertuko, keba2012-02-17
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA