Charlie Kaufmanek nobela bat idatziko du

Gorka Bereziartua
3

Charlie Kaufman gidoilaria (eta laster, dirudienez, idazlea)

“Charlie Kaufman gidoilariak lehen liburua idazteko lanean jarri du bere buru kosmikoa” irakurri dut martxoaren amaieran Deadline.com atarian eta aurreneko momentuan pentsatu, “ados, baina gidoilari ona izateak ez du ezer ziurtatzen”; eta gero “seguru urre prezioan salduko digutela pirita”. Azkenik: “Pelikula onak egiten baditu, zertarako sartu behar du ezagutzen ez duen lanetan?”. Eta sententzia: “Bah, irakurri arte ez dut lerro bakar bat idatziko kontuaz”. Baina eszeptizismo horri jakin-mina eta kontatzeko gogoa nagusitu zaizkie azkenik – eta, Ramon Saizarbitoriak Martutene aurki argitaratuko duenez, behar nuen zain edukiko nauen nobela berri bat; eta horrela iritsi zara, irakurle, orain arteko azalpenarekin denbora pixka bat galtzera–.
Being John Malkovich edo Adaptation bezalako filmen oinarria Kaufmanen testuek jarri dute eta ez dira Hollywoodeko ekoizpen aurreikusgarriak inondik ere. Nobelaz ez dago datu askorik, idazleak Grand Central Publishing-ekin kontratua sinatu duela besterik ez. Ez dakigu zein izango den istorioa baina, zer arraio inporta du? Sinopsi on bat eskura edukita ere, zaila izaten da lagunei Kaufmanek idatzi dituen pelikulak esplikatzea. Fikzio graduekin jostatzen du, fantasiazko elementuak eta errealitatekoak nahasten ditu, bere burua bihurtzen du filmeko protagonista… Kultuzko gidoilaria bihurtu da egin dituen esperimentuei esker.
Lehenengo liburua idatziko duela dio albisteak baina biblioteka digitaletan bilatu eta Kaufmanen obra aztertzen duen saiakera bilduma batekin egin dut topo, David LaRoccak editatutako The Philosophy of Charlie Kaufman. Ez dirudi txarra, udako oporren ostean futbolariek nola, irakurleek nobelaren aurre-denboraldia presta dezaten –baina zu alfer samar ikusi zaitut testu hau irakurtzeko ere, eta beharbada nahikoa izango duzu gidoilariari gehien eragin dioten bost idazleak nortzuk diren jakitearekin; Death & Taxesek argitaratu du horri buruzko artikulu labur bat–.
Agian interesatuko zaizu:
Charlie Kaufman gizagaixoa: Adaptation filmari buruzko artikulua ARGIAn.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA