Edo! argitaletxeak liburuxka interesgarria ekarri du testu laburrei eskainitako Xortak sailera: Charlotte Perkins Gilmanen Hormako paper horiak logelan atseden hartzera behartu duten emakume baten istorioa kontatzen du. Ana I. Moralesek itzuli du eta narrazioari buruzko azterketa txukuna egin dute hitzostean Saioa Ruizek eta Amaia Serranok.
Senar paternalistaren aginduei muzin egin eta ezkutuan idazten hasi da narratzailea. Testuaren bidez ikusiko dugu eboluzionatzen, bere zapalkuntza errepresentatzen duen gelako paper horiaren kontra altxa arte.
Hitzosteak material ugari eskaintzen du istorioa bere garaian kokatzeko eta sakonagoko irakurria egiteko, beraz bi apuntetxo egitera mugatuko dut post hau.
Bat: Istorioaren oihartzunei buruz, Hormako paper horiak Franz Kafkaren Metamorfosia gogora ekarri dit narrazioaren giro klaustrofobikoagatik bezainbeste ordena sozialak eragiten duen hertsadura adierazteko moduagatik —ez da konparazio oso originala, badakit—. 1892koa da Perkinsena, 1915ekoa Kafkarena. Iritsi ote zen XX. mende hasierako Pragara azal horiko liburuxkarik?
Bi: Idazleaz, bere garaiari aurrea hartu zion emakumea izan zela esatea erredundantzia iruditzen zait liburua irakurri ostean. Interneten bila hasi eta jarrera feministaz gain, duintasunez bizitzeko bestelako hautuak ere egin zituela jakin dut. 1932an minbizia sendaezina diagnostikatu zioten eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen:
“Ez dago atsekaberik, minik, zoritxarrik edo ‘bihotzeko penarik’, norberaren bizitzari bukaera ematea desenkusatuko duenik, oraindik zerbitzuren bat egiteko gaitasuna geratzen baldin bazaigu” utzi zuen idatzia. “Baina erabilgarri izateko aukera guztiak desagertu direnean, eta heriotza saihestezin eta berehalakoa datorrela ziur egonda, giza eskubideen artean oinarrizkoena da heriotza azkar eta erraza hautatzea, agonia geldo eta beldurgarriaren aldean… nik kloroformoa aukeratu dut minbiziaren aurrean”.
Edo!-ren bazkideek eta harpidedunek etxean jasoko zuten liburua dagoeneko; gainontzeko irakurleok, denda hauetan galdetu dezakezue.
2 Iruzkin
Ez dakit Kakfak Perkins-Gilmanen berri izango zuen, baina zilegi da zure iradokizuna, zergatik ez.
Edozelan ere, arrazoia duzu emakume honen kategoria intelektualaz eta aurrerakoitasunaz. Baten batek lehen bistazoan pentsa lezake feminista avant la lettre bat izan zela, baina ez da kasua inondik ere: bete-beteko feminista kontzientea izan zen (“Zer da feminismoa?” izeneko artikulua ere idatzi zuen 1920 inguruan, oker ez banago), Women eta economy liburuan izugarrizko proposamen iraultzaileak egiten ditu: etxeko lanen profesionalizazioa, “komuna” estiloko bizitokiak, umeen zaintza partekatuarekin, non familiaren instituzioak ez duen zapuztuko inbididuoaren (eta zehazki emakume bakoitzaren) askatasuna eta errealizazioa, bere espazio pribatua eta independentzia ekonomikoa mantenduko baititu beti. “A Mans World” liburuan gure gizartearen androzentrismoa analizatu zuen, eta “Herland” liburuan, berriz, genero rolak konstrukto sozialak direla erakutsi zuen.
Zuk diozunez, bere biografiak ere izugarrizko aurrerakoitasuna erakusten du: dibortzioa eta alabaren zaintza partekatua senar ohiarekin, heriotza duinaren aldeko hautua…
Eta orain, harritzen eta gozatzen jarraitu nahi baduzu, gomendatzen dizut (igual oso ondo ezagutzen duzu eta barkatu), hemeretzigarren mendeko beste idazlekote bat: Katherine Chopin louisiandarra: The Awakening nobela eta ipuin laburrak. Ezkontza=emakumeen askatasun indibiduala zapaltzeko mekanismo gisa, arraza kontuak, desira sexuala…
Mila esker erreferentziengatik Ana. Kate Chopin izenez besterik ez dut ezagutzen, uste dut aipatzen duzun liburua Catedraren bilduma zurian dagoela gaztelaniaz; dena den,hau aurkitu ondoren, originala irakurriko dut 😉