Donostiako San Martin Merkataritza gunetik pasa eta J.K. Rowlingen nobela berria ikusi dut FNACeko eskaparatean. Ez neukan leitzeko gogo handirik eta gogo txikiak berriz, denak uxatu zizkidan Michiko Kakutanik The New York Timesen egin zion “zipli-zapla” estiloko kritikak.
Zergatik idatzi hari buruz orduan? Ez interes literarioagatik, paisaia linguistikoak ere kezkatzen nauelako baizik.
Rowlingen The Casual Vacancy sei ontzako mokordoa izango da apika, baina korrokoi euskaldunak ez dira falta gure artean eta jakin beharko lukete euren hizkuntzan ere argitaratu dela liburua, Eserleku hutsa izenburuarekin, Alberdania eta Erein argitaletxeen eskutik.
FNACeko eskaparatean gaztelaniazko edizioa bakarrik.
Itziar Ultzurrunek antzeko zerbait ikusi du herri euskaldun bateko liburu dendan.
Xabier Olarrak informatuta, Iruñeko Universitarian eta Xalbadorren, bietan erdarazko edizioak kristal atzean bistan eta euskarazkoak barruan, gordean –eta hori bietako batek, esan behar al dut zeinek, supereuskaldun fama daukala–.
Etorri gero esaten literatura komertzialagoa, nazioarteko bestsellerrak, ongi saldu-saldu-salduko diren liburuak behar dituela euskarak.
“Merkatuen konfiantzazko” produktuetara makurtu eta arreta hau jaso. Eskaparatea harrika txikituta egingo ote diote euskarari kasu gehixeago?