2007ko abenduaren 1ean Raúl Centeno eta Fernando Trapero Guardia Zibileko agenteak hil zituen ETAk Capbretonen. Ez zen ETAren ohiko ekintza izan: agenteak kafetegi batean ezagutu ondoren, etakideek aparkalekuraino segi eta bertan tirokatu zituzten. Planifikatu gabeko hilketa izan zen, antza.
Gertakari hura gogora ekartzearen arrazoia liburu bat da, David Fernándezek eta José Antonio Gutierrezek Libros del KO argitaletxearekin publikatu berri duten Los de la ETA han asesinado a tu hijo (ez da imajinazioz gainezka egiten duen titulua, egia esan).
Oraingoan, dirudienez, guardia zibilen ikuspuntutik kontatuko da gertakaria. Eta oraingoan diogu, izan ere, gertakari beraren inguruko filma egin zuen Jaime Rosalesek 2008an, baina ETAko kide baten ibilbidea fikzionatuz, bizimodu zibiletik atentatu horretaraino (irakurri Mikel Garciak zuzendariari egin zion elkarrizketa edo ikusi pasarte batzuk jarraian).
Liburuaren berri izan bezain pronto saltatu dit titularreko zalantzak: zergatik Capbreton eta ez beste atentatu batzuk? Gatazka armatuaren dinamika aurreikusgarrian gertakari sailkagaitza izan zelako, beharbada? Edo agian —liburua irakurri gabe ari naiz, badakit—, errelatoaren gai asperramorrantearekin dauka zerikusia, Rosalesen filmak askori eman zien azkuran hazka egiteko balio dezakeen heinean?
Zer dauka Capbretoneko atentatuak fikzionagarri izateko?
Gorka Bereziartua
0