Normalak izateak kezkatzen gaitu normalki, baina ez al da zenbaiten normalitatea apur bat anormala?
Harkaitz Canoren Twist gaztelaniaz argitaratu zen duela hilabete inguru eta Kataluniako El Periodico egunkariko Ricard Ruiz Garzon kritikariari arreta deitu dio Espainiako Estatuko medio handiek eskaini dioten arretak. Hobe esanda, eskaini ez dioten arretak. Hara nola hasi zuen joan den asteazkenean liburuaren exegesia:
“Herrialde normal batean, Twisten agerpenak gertakaria behar zuen izan. Eztabaidatzekoa, nahi izanez gero, baina gertakaria azken finean. Baina nabarmena izaten hasi da herrialde hau ez dela normala ezta, zentzu askotan, herrialde bat ere. Bestela nola azaldu liteke Harkaitz Canoren (Lasarte, 1975) laugarren nobelak, euskaraz fenomeno maila lortu zuenak, gaztelaniara itzuli aurretik hiru sariko gerrikoa zeukanak –Beterriko Liburua, Euskadi Saria eta Kritika Saria, azken biak bigarrenez egilearentzat–, liburu dendetan hilabetea bete izana hedabideek, salbuespen ohoragarriak kenduta, haren etorrerari buruzko berririk argitaratu gabe. Nola ulertu bestela, lau haizetara ez aldarrikatzea aski direla hogei bat orrialde, nobelaren hasierakoak, Cambalache, 1983 titulua dutenak, ondorioztatzeko hau ez dela nobela bat gehiago, ez dela edonolako obra, ez dela argitaletxearen kapritxo bat. Nola, azken finean, ez balitz anomalia hori hain zuzen obraren oinarrian dagoena”.
Nobela ez da “euskal gatazkaren” pasarte ilunenenetako baten kontakizuna bakarrik, noski, eta ongi nabarmendu du Ruiz Garzonek (“Twist koordenatu horietara mugatzea, badakizue, Romeo eta Julieta nerabeen suizidioari buruzko istorioa dela esatea bezalakoa litzateke”). Bere ustez ezinezkoa lortu du Canok: “estolderia poetizatzea”.
Estolda bakarra tortura gela balitz. Kazeta batzuetan arratoiak jaun ez balira. Eta ai, euskarazko nobeletan indio onak bakarrik bilatuko ez balituzte.