“Ezin badugu dantzatu, kantatu, margotu, larrua jo… ez da gure iraultza. Erraz ikusten da festa-giroan emakumeek daukaten presentzia eskasa, bai antolakuntzan, bai artistikoki parte hartzen. Ahalegin bikoitza egin behar du emakume batek eszenatoki batera igotzeko eta bere lana baloratua izateko. Beraz, emakume batzuk elkartu gara egoera horri aurre egiteko eta gure jaia antolatzeko. Guk egin dezakegulako”.
Ideiak garbi eta gogo handiz datoz. Apuntatu: Ladyfest Nafarroa gaurtik igandera. Jaialdi feminista autogestionatua da eta ondo pasatzearekin batera sexismoa, homofobia eta bestelako jarrera baztertzaileen kontra egin daitekeela erakustea du helburu.
Formatuak baditu urte batzuk, 2000. urtean antolatu zuten aurreneko aldiz AEBetan eta geroztik mundu osoan zabaldu da.
Mundu osoan? Tira, orain arte inguru hauetan ez zen antolatu, Madrilgoa eta Okzitaniako Tolosakoa ziren gertuen geratzen zirenak, oker ez banago.
Otsailean hasi zen Iruñeko talde bat Nafarroako Ladyfesta prestatzen. Etxabakoitzeko Jaso ikastola zaharrean (Zizurrerako bidean) antolatu duten hiru eguneko programazioa da lan horren emaitza.
Kontzertuez gain hitzaldiak, tailerrak, LadyDJak, antzerkia, dantza, performanceak… Goiko argazkia sakatuta ikus dezakezue programa osoa.