Denok dantzatu dugu noizbait pogoa kontzertu batean.
Denok?
Ez: agertokiaren aurreneko lerroetan bultzaka ibiltzearen zentzua asko aldatu da punkaren sorreratik eta irudipena daukat gure belaunaldiari iritsi zaion ideia zera dela: “Ea nor den indartsuena, ea nork bereganatzen duen espazioa, ea zein den gutako matxoena”.
Bestela ere aski maskulinoa den Euskal Herriko panorama musikalean, dantzatzeko modu erasokor horrek emakume asko kontzertuetako lehen lerroetatik atera izan ditu indarka.
Ez zen hori pogoaren hasierako zentzua. Huan Porrah Blanko antropologoak Negación punk en Euskal Herria liburuan (Txalaparta, 2006) azaltzen zuenez, dantza hori, errito gisa ulertuta, indarkeria indibidualistaren itxuratze bat zen; baina komunitate zentzuak gaina hartzen zion, bultzada trukean norbait lurrera eroriz gero gainontzekoek altxatzen laguntzen ziotelako, adibidez.
Pogoa ulertzeko modu hori galdu egin da hemen, oilar-dantza patetikoa bihurtzeraino. Reset botoiari nola sakatu azaltzen dute Madrilgo Ladyfesteko kideek egin duten bideo honetan.
Funtsezko lau printzipio beraz, laburbiltzeko:
1) Elkar igurztea da kontua, ez elkarri erasotzea.
2) Aldakekin eta sorbaldekin bultza, hartara ukalondoarekin jotzea saihesten da.
3) Norbait erortzen bada, denon artean altxatzen lagundu.
4) Elkar ukitu, besteek onartzen badute bakarrik.
Eta ondo pasa, noski, baina besteei gaizki pasarazi gabe.
1 Iruzkin
Eskerrik asko kontu hau azaleratzearren.
Zenbat aldiz geratuko nintzen lehenengo ilara hortan nire lekua errebeindikatzeko asmoz, espazioa neureganatzeko asmoz, baina dibertitu Gabe. Eta zenbat aldiz aldegin dudan ihes azkenengo ilararen atzera dantza igurtziz, ikutuz eta jolastuz egin ahal izateko.
Emate ez duen arrez, atzeko txoko ezkutuak bere xarma du.
Atzeko txoko ezkutu guztiek bezala.