Gaur aurkeztu dute Mo Yanen Hori da umorea, maisu! ipuin bilduma, iaz Nobel Saria jaso zuen idazle txinatarra estreinako aldiz euskaraz. Arrasateko AED Elkartearen Jokin Zaitegi bekari esker itzuli da Nobelduna 2002tik hona urtero egin den legez. Baina aurten Nobel Truk egitasmoa martxan jarri du euskaltzaleen elkarteak beka finantzatzeko laguntza eske.
Kutxa Fundazioak jarri izan du, “oso eskuzabal” AEDtik adierazi digutenez, sariketa horretako diru kopuru handiena orain arte. Eta orain arte diogu, AEDren webgunean esplikatzen dutenez, 2012ko abenduan Kutxak finantzazio hori bertan behera uztea erabaki zuelako.
Zenbat diruz ari garen? Zenbakia urtero aldatu da, liburu motak ere badaukalako zerikusia. Mo Yanena itzultzeko, adibidez, 4.500 euroko saria zegoen aurreikusia itzultzailearentzat. 2011ko Nobel saridun Tomas Tranströmer itzultzeko berriz, 5.000 euro eman ziren. Obra mardulagoa izan denean, gehixeago: Orhan Pamuken Elurra itzultzeko (ia 600 orrialde), 9.000 euroko saria iragarri zuten 2006ko oinarrietan –urte oparoxeagoa zen, hori ere egia da–.
Ez dira kopuru estratosferikoak itzulpen lanek eskatzen duten denbora eta ahalegina kontuan izanda eta behin liburua itzulita, bizi osorako da, inbertsio errentagarriagorik gutxi. Aurtengoa herritarrak bere poltsikotik berrordainduko beharko du baina datorrenerako, aurrezki kutxako gizarte ekintza departamenduak hartu duen erabakia birplanteatu beharko lukeela uste dut. Ez al du hainbeste balio Nobel Sariak ba?
2 Iruzkin
Balio, balioko du hori eta gehiago; baina, gaur egungo gizartean, guztiak elebidunak izanda eta gaztelaniaz/frantsesez liburu berbera 6-10-12 euroren truke eskura daitekeelarik, militantzia handia beharko (eta beste bizpahiru liburu erosteari uko egitea), etab.
[…] [i] Akorduan izango duzuenez, AEDk, eta Elkarrek elkarlanean antolatzen duten Jokin Zaitegi lehiaketari esker euskaratu dira azken urteotan Nobel saridunak. Duela gutxi jakin dugu Kutxa fundazioak ez duela laguntzarik emango datorren urtean, eta proiektua kinka larrian dela -justu aurten, Munrori tokatzen zitzaionean! Bistan da ez dudala zorterik batere, Jelinekena ere, beste arrazoi batzuk zirela medio, eman gabe gelditu baitzen. Eta ez da azkenaldian zapuztu nauen albiste bakarra; izan ere, kultur bonua ere kaputt, Bizkaian izan ezik-. AEDkoek laguntza eskatu digute, herritar literaturzale limurtzeko-erraz eta pobreoi. Lagun batek esamolde ezaguna egokituz adierazi zuenez “denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk ezer ematen ez badute”, baina, benetan, hala al da? Gutxi horiek ezer eman nahi ez badute guk jarraitu behar al dugu gurean eustearrean? Planto egin eta baldintza duinak eskatu beharrean? Behingoagatik inbertsioa (ez dena hain handia, bidenabar) kulturara joan dadila galdatu beharrean? Testuinguru ez guztiz identikoan sortu arren kasu honi ere ezinhobeto datorkio Martxelo Otamendik kalitatezko kazetaritzaren etorkizunari buruzko jardunaldian esandakoa: euskalzaletasunaren kreditu-txartela ez da agortezina (Lander Arretxearen blogetik). Baina afera ez da ekonomikoa soilik, eta hemen, dokumentazio-lan pixka bat eginda, bat nator Gorka Bereziartua kazetariaren bi gogoeta hauekin: crowdfounding-az eta Nobel-az. […]