Gainezka datorren ibaia da Rafael Chirbes. Halakoak dira Crematorio eta En la orilla nobelak eta hala da idazlea bera ere, hizketan hasten denean. Donostiako Ernest Lluch kultur etxean berbetan hasi da eta urak entzuleak daramatza, Harkaitz Cano lemazainak lagunduta.
“Pesimismoa antolatzen du En la orillak”, esaten dio Canok solasaldiaren hasieran, Walter Benjamin parafraseatuz. Eta puntu horri segika, Espainiako Estatuan nagusitu den ezkortasunaren sustraiez hasten da hizketan valentziarra: “La buena letra idatzi nuenean nire ama gaizki zebilen, lagun min pare bat hil ziren. 1989-90-91 urteak ziren, Sevillako Expoaren atarian geunden, Bartzelonako Olinpiadak… Europara begira geunden, Solchagaren urteak ziren, Espainia beste inon baino azkarrago aberastu zintezkeen herrialdea zela esaten zen urteak. Eta nire haurtzaroa gogoratzen zidan herri txiki batean bizitzen ari nintzen. Sentitu nuen, nintzen guztia desagertzen ari zela”.
Hil kanpaiak Espainiako Trantsizioari
Espainiako azken hamarkadetako historiari eta bereziki Trantsizioari ezkerkada batzuk bota dizkio Chirbesek. Ideologia diru truk saldu izana leporatzen dio bere belaunaldiari. “‘Ahaztu dezagun pobreak garela’, hori izan zen Trantsizio osteko mezua. Zer gertatu da orain? Historiak atea jo duela eta mundu guztia asaldatuta dabil. Baina denok genekien ni bizi nintzen Extremadurako 300 biztanleko herriak ezin zuela igerileku olinpikoa eduki, zerbait gaizki zegoela”.
Eta hori idatzi egin behar da. “Nobelek laguntzen didate lokatza gainetik kentzen”, jarraitu du. “Ezin zara garbia izan garbi ez dagoen mundu batean, baina ‘hemen nago eta badakit zer ari den gertatzen’ esan dezakezu”.
Estilo uholdetsua
Crematorio eta En la orilla nobeletako estiloa behin baino gehiagotan ateratzen da bidera, irakurle asko harritu baitira tentsioz goitika egiten duen hitz jarioarekin. Orain “oso gaizki” idazten duela dio Chirbesek. La buena letra berrirakurtzean konturatzen dela, pena sentitzen duela bere buruarengatik, hura “ondo” idatzita zegoelako, hitz bakoitza zehatz, behar duen lekuan.
Zergatik aldatu duen estiloz? Idazkera “anbiziotsuagoa” duela esan izan diotela, baina bera ez dagoela hain seguru. “Olagarro baten moduan idatzi nahi izan dut, garroak noranahi botaz. Gainera, iraganaz eta orainaz idaztea diferentea da: oraina ezin da hain erraz harrapatu, iraulkatu egiten zaizu, nahasi, oldartu”.
Dena den, Chirbesek inportantzia kentzen dio gaiari: “Inoiz ez nau kezkatu nire liburuen ideologiak, ezta estiloak ere. Obrak ekartzen ditu horiek biak, estilo jakin bat eskatzen dizulako eta zure ideologia nahi gabe ere islatzen duelako”. Garrantzitsuena, gupidarik ez edukitzea, ez norberarekin (bere buruari “putakeriak” eginez idazten duela aitortu du, izan ere), ezta irakurlearekin ere: “‘Zerrikume honek jakin nahi ez ditudan gauzak kontatzen dizkit’, esan beharko luke irakurleak liburua leitzean”.
Idazlea eta bere garaia: lekuko ala sintoma
Eta idazleak hautatu behar du: bere garaiaren lekuko izan ala sintoma. Erromantikoak eta Balzac kontrajartzen ditu, lehenbizikoek beren errealitatetik urruntzea aukeratu zutelako zetozen aldaketa sozial handien aurrean. Balzac berriz, lekuko izan zen Chirbesen ustez.
“Niri interesatzen zaidana lekuko izan nahi duen literatura da” dio. “Bizi sentsazioa transmititzen duen literatura gustatzen zait” dio. “Ez zait gustatzen ‘hau fikzioa denez, suposa dezagun…’ esaten duen literatura” dio. Eta beste gauza pila bat ere esaten ditu, baina ibaiak eraman dizkigu denak.
Bonus track: Crematoriori buruz Aritz Galarragarekin hitz egin zuen Chirbesek ARGIAn: “Gure garaiaren arimaren egoera kontatu nahi nuen”.
2 Iruzkin
Eskerrik asko laburpenagatik, Gorka.
Hona hemen Chirbesen audioa. Oso baxu entzuten da, baina nahikoa da bolumena igotzea. 😉
[…] entre ambos. Gorka Bereziartua resumió las palabras de Chirbes en su blog Boligrafo Gorria: Rafael Chirbes uholde betean (enlace en […]