Nik ez dakit kontu honetaz gauza handirik detektibe andrea, han eta hemen entzun dudana bakarrik. Baina esan diezazuket, hau segurua baita, krimenak Baztan hartuko duela 2015eko urtarrilean.
Ez eskatu xehetasunik, detektibe andrea, pasaeran entzun nuen zerbait baina ez naiz gaiztaginen aurpegiaz ere akordatzen. “Ilbeltza”, izen hori esaten zuten behin eta berriz. Eta noizko planeatzen ari ziren ere gorde nuen kasko txar honetan: datorren urteko lehenbiziko hilaren 21etik 25era.
Izenak, izenak… Esan ez dizut ba ez niela arreta askorik jarri. Eneko delako bat 21ean. Aizpurua, Aizpurua… bai, baliteke. Herensuge bat eta ez dakit zer.
Gero Marianori buruz ere aritu ziren, baina ez pantaila batean gordeta agertzen den horretaz, ez, beste Mariano bat zen, hori bai geratu zitzaidala gogoan: Mariano Izeta. Elizondokoa, bai, horixe bera. Berriz publikatu behar omen dutela bere libururen bat. Baina isilpean ari ziren, seguru klaberen bat bazegoela hor nik harrapatu ez nuena, hainbeste kontu liburu batengatik. Diru beltza liburuaren barruan ezkutatu? Ez zitzaidan bururatu detektibe andrea, baina bai, segur aski. Gero badakizu, Jon Abril izenez ezagutzen duten horrek ere egingo duela kalakan eta, gauza onik ez.
Ez dakidala ba gehiago! Ba, bueno, uzten ari naiz baina, zer arraio, rubio baten gorabehera… Sua bai? Eskerrik asko. Ba horrelako kontuak, Elizondoko gazteren bat ere inplikatu omen dute beraien okupa etxe horretan asuntoari kobertura emateko.
Krimena non dagoen? Hori zuk bilatu beharko duzu detektibe andrea, zera, ni eskribanotarako estudiatzen ari naiz, ez bilatu ezkurrik sagastian.
Portzierto, orain jabetu naiz zure patrikari begira. Txiki xamarra, ez al da? Zimurtuta eramango dituzu hor billeteak, hau fundamentu eskasa, katzu, katzu, horiek plantxatu bitartean hasiko da kopetaren atzeko makina hau ere martxa hobean.
A, bai, bai, orain akordatzen naiz. Beno, baina hau gu bion artean, e? Nire izenik ez aipatu, bale? 24ean eta 25ean paraje hauetako familia guztietako buruak juntatuko omen dira. Baionako Borda hori, Iruñeko Alonso, azkenaldian Gasteizko barrioen kontrola hartu duen Elustondo…
Itxoin, itxoin, badago gehiago: Igerabide. Zer iruditzen? Eta gazte bat ere bai, asko hitz egin zuten horretaz. Laletxe! Ez, itxoin, Larratxe, Joseba Larratxe.
Badakizu jendilaje horrek nola egiten dituen gauzak, bazkaldu, afaldu, zurruta… enpo egiten dutenean joaten dira. Igandean jaitsi nahi omen dituzte bezperakoak ibilaldi batekin, auskalo zein zokotan sartu nahi duten komanditan konspiratzera. Baina gutxi fida, bazkalordua oso peligroso dator. Lau pistolero biltzekoak omen, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Odei Barroso eta Unai Iturriaga; kontu garbitze usaina dauka.
Ni zikulu saltsa horretan? Ez, detektibe andrea, ez, esan dizut, ni txintxo-txintxo ibiltzen naiz, baina denok tokatzen gara noizbait behar ez den lekuan momentu txarrenean. Belarria jarri nuela, horixe nire bekatu bakarra. Bai, bai, noski, beste zerbait jakinez gero zu izango zara enteratzen lehenbizikoa, nola ez. Zaindu. Eta nik ez dizut ezer esan, e?
Nik ez dakit deus Baztanen antolatzen ari diren Nobela Beltzaren asteaz
Gorka Bereziartua
0