Ohar labur hau esateko Mikel Peruarena Ansaren Su zelaiak nobelak (Susa, 2014) irabazi duela 111 Akademiaren Saria. Irakurzaleak biltzen dituen elkarte horrek azaldu duenez, sariduna hautatzeko botazioak estu ibili dira eta, azkenean, hiru botoko aldearekin gailendu zaio Su zelaiak Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez ipuin liburuari. Beste hautagaiak ere ez ziren nolanahikoak, Akademiak nabarmendu duenez, iazko uzta oparoaren erakusgarri. Saria, egia esan, ez zaigu hainbeste inporta, nobela gomendatzeko aukera emateko ez bada –sospetxatzen dugu 111koek ere horixe bilatzen dutela errekonozimenduarekin–.
1914ko Gerla Handian girotua, Peruarenak lan korala osatu du lubakietara bidali zituzten euskaldunak protagonista bihurtuz. Neurrigabeko basakeriaren egunerokoa trebezia narratibo handiz kontatua, pertsonaien hizkeratik hasi eta gerrako ekintzen kontakizuneraino. Nobela asko nobela baten barruan. Niri bereziki gustatu zitzaidan azken kapituluan Filipe Lurok bere buruarekin daukan barne-bakarrizketa. Hori irakurtzeagatik bakarrik merezi zuen lubakietan lokazteak.
Informazio gehiago:
Ikusi liburuaren book-trailerra.