Zure eskubideen alde irmo agertzea baino gauza indartsuagorik ez dagoela: segundo gutxi batzuk eta keinu bat, prentsaurrekoa uztea, nahiko izan ditu Eibar taldeko entrenatzaileak euskara “erakargarriaren” inguruan azken urteotan eraiki den diskurtsoa hankaz gora jartzeko. Badakizue zertaz ari naizen. “Ez inposatu, seduzitu”, tankera horretako gauzak, euskaraz bizi nahi duten herritarrek botere-nahi oro alde batera utzi behar dutela dioen erretolika. Hala defendatu dute urte askoan: gure hizkuntzaren egoera petralari buelta emateko eskubideen gaiari heldu beharrean –zezenari adarretatik heltzen zaion bezala, arrisku eta guzti–, hobe dela garena makillatzea eta ez garen bezala agertzea, gure buruaz lotsa egin arte, diskotekako zokotik noizbait erdira dantzara aterako gaituzten esperoan. Garitanok ez du inor seduzitu nahi izan: bere buruaz seguru, pistaren erdira egin du salto inoren eskuari zain egon gabe. Atzetik joan behar genuke denok, kanta hau gurea da eta.
6 Iruzkin
Erabat ados. Burua tente, parre ttikiagaz, ta euskara, jalgi hadi plazara!
[…] Garitano afera, euskaraz ez dakitenak erakarri behar ditugula dioen diskurtsoa, errespetuaren eta elkarbizitzaren izenean erdaraz aritu beharra, euskaldunok ahalduntzeko […]
[…] Garitano afera, euskaraz ez dakitenak erakarri behar ditugula dioen diskurtsoa, errespetuaren eta elkarbizitzaren izenean erdaraz aritu beharra, euskaldunok ahalduntzeko […]
Garitanorena ederki egon zen. Arrunt didaktikoa izan zen, hangoz eta hemengoz. Ez dakit ongi zer den sedukzioaren kontu hori. Erdaldunak erakarri? Bada, sentitzen dut jaun-andreak, baina erdaldunak, batez ere hemengoak, erakartzen segitu beharko dugu, euskarak aukeraren bat izanen badu.
Aupa Aingeru. Bai, noski, kontua da nola erakarri: Garitanoren jarrera niri oso erakargarria iruditzen zait, konplexurik gabea eta indartsua. Beste zerbait predikatu izan zaigu ordea, euskara erakargarri “bihurtu” behar genuela nolabait, orain ez balitz bezala.
[…] Erakargarritasunari buruzko kritika gehienak diskurtso ofizialarekin zerikusia dute. Erakargarri egitearen diskurtsoak bestea seduzitzeko obligazioa ezartzen du: seduzitzea, ez inposatzea, limurtzea, gure haserrea izkutatzea, garen bezala ez agertzea. Adibide bat: http://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2015/04/27/argazki-oin-bat-gaizka-garitanoren-keinuari/ […]