Eztabaida pixka bat ikusi dut sare sozialetan, Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak “egin irribarre, irabaziko dugu eta” esaldia erabili duelako.
Eslogan politikoen merkatuan goitik kotizatzen ari dira hitz horiek, izan ere, lehenago Podemoseko Pablo Iglesiasek ere erabiliak zituen. Eta hori ere ez zen zenbaiten gustuko izan noski, uste zutelako hitz horien copyrighta Arnaldo Otegirena zela.
Marilyn Manson The wonder years telesaileko haur betaurrekoduna ez zela dakigun bezala, Googleri esker jakin dezakegu ordea, berba horien patenterik izatekotan ez dagoela latitude hauetan erregistratua, putzu atlantikoaren beste aldean baizik –ez nago seguru Andres Manuel Lopez Obradorrek erabili ote zuen lehenago Mexikon ala, glups, Barack Obamak AEBetan–.
Nolanahi, lauzpabost hitz baino ez dira. Eta hitzak mundu guztiarenak dira. Batez ere, edonork esateko modukoak direnean.
“Egin irribarre, irabaziko dugu eta”, hirugarren mailako entrenatzaile batek esan diezaioke atsedenaldian bere jokalari hankokerrenari. “Egin irribarre, irabaziko dugu eta”: laster entzungo diozu bere soldata eta familia erdiarena txanpon-makinatik behera botatzen ari den ludopatari. “Egin irribarre, irabaziko dugu eta”, joder, laster irabazi asmorik gabeko erakunderen batek ere erabiliko du.
Hona hemen hegemonismo bolibartarretik ikasi ditugun “adierazle aldagarri” delakoek daukaten problemetako bat. Zatiketa ideologiko klasikoetatik harago joateko tresna dira karga espliziturik ez daukaten termino horiek. Nolabait, edozein amaren alabak bere egin dezakeen hizkera sortu nahi da, edukiz hustuta dauden adierazleak norberaren edukiz betez.
Kontua da, adierazle horiek polarizazio bat sortzen ez baldin badute –Podemosen “kasta vs. jendea” eraginkorragoa da (zen?) alde horretatik–, irribarreen eta garaipenen esloganarekin gertatzen ari dena pasa daitekeela: edonork erabiltzen du, edonork egin dezakeelako irribarre eta, batez ere, hemen kristo guztiak irabazi nahi duelako.
Enfin, ez dut esaten arerioa norberaren hitzez horrela jabetzea eragozteko “independentzia eta sozialismoa” edo “aberria ala hil” bezalako leloetara itzultzea denik soluzioa, baina ez zait iruditzen aipatzen ari garen esaldiak sekulako jokoa ematen duenik politikoki. Inbento hobeak aterako dira. Egin irribarre, eta beste gauza horiek.
1 Iruzkin
Hitzei benetako balioa lapurtzen eta xarma kentzen apartak dira politikariak.