Euskararen kontrako debaldeko publizitateaz gogait eginda

Gorka Bereziartua
6

Twitter publizitatea erakusten hasi da telefonoko aplikazioan eta, lehenago Facebookekin egiten nuen bezala, nire buruari lana ematea erabaki dut: agertzen zaidan patrozinatutako eduki bakoitza X botoia sakatuz kentzen dut, sare sozialok kudeatzen dituztenek jakin dezaten ez nagoela prest edozein lekutara laguntzen nauen pantailatxoa batere interesatzen ez zaizkidan edukiz beteta edukitzeko.
Baina nire ahalegin guztiak alferrikakoak gertatzen ari dira euskararen kontrako publizitateari dagokionez. Ez dago modurik: egunero erabiltzen dudan hizkuntza indioekin, tribuekin eta bunga-bungarekin lotzen duten mezuak agertzen zaizkit etengabe eta ezin nire TLtik atera, izan ere, jarraitzen dudan jendeak egiten du debaldeko publizitate hori –pentsatu nahi baitut inork ez diela pagatzen horretarako–.

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak martxoaren 12an bidalitako txio hau, adibidez, euskaldunak gehiengoa diren herri bati “erreserba” deitzen.
martinez
Edo Imanol Galfarsororen artikulu hau non, “euskal kulturaren munduko fantasia indigenista-komunitaristak” kritikatzen diren, “tribugintza” eta beste palabro batzuen artean.
Berdin du baskista, nazionalista, independentista edo post-marxista, hemen kristo guztia da edozer euskaltzalea baino lehen, modernoagoa eta, zer esanik ez, listoagoa geratzen delako. Ez dakigu gauza handirik –edo ez dugu jakin nahi– hizkuntza normalizatzeko egunero egiten den lan sozial, politiko eta kulturalaz, prozesu horrek urteotan izan dituen zailtasun eta trabez, baina ezta egindako lorpenez ere –adibidez, gizartearen sektore bat jabetzea euskaraz bizitzeko duen eskubideaz; adibidez, hiztun komunitate trinkoa duten lekuen garrantziaz konturatzea–.
Eta ez dugunez jakin nahi, erabat inpotenteak gara Brunete mediatikoaren aurrean, ez dugu asmatzen nola justifikatu lan eskaintza publiko ziztrin bat atera nahi izan dugula hizkuntza gaitasunen alorrean berdintasun irizpideak aplikatuz. Nola esplikatuko dugu ba halakorik ondo, barru-barruan gu ere sinetsita bagaude mendi arteko erreserbatik atera berri diren batzuei faborea egiten ari garela? Nola azalduko dugu behar bezala, guri ere ridikuloa iruditzen bazaigu baloratzea proiektu urbanistiko batek hizkuntzari nola eragingo dion? Nola ez dugu ba kasik modu hipotetikoan hitz egingo “euskara komunikaziorako tresna huts gisa imajinatzeko” aukeraz, oraindik ez bagara jabetu partidua ez dela duela bost minutu hasi, bolbora asmatuta zegoela, Marilyn Manson ez zela The Wonder Yearseko haur betaurrekoduna, eta batez ere, azken 40 urteotan dispositibo ugari sortu direla hain zuzen imajinatzeaz harago, euskara komunikazio tresna huts gisa erabiltzeko –eta ez baldin baditugu ikusi nahi, ba igual problema guk daukagula eta ez “euskal kulturaren mundua” delakoak–.
Sinetsi behar didazue, ez dut gauza hauei buruz idatzi nahi. Poz gehiago izango nuke euskara normalizatuta egoteari esker “euskalduna hegemonikoki desagertua” balitz eta lerro hauek idazten galdu dudan denbora, Twitterreko publi gogaikarriak ezabatzen pasatzen dudana bezala, zerbait interesgarriagoan inbertitu ahalko banu. Baina, lehen ere ez baldin bazegoen erraza euskara erabiliaren erabiliaz hizkuntza ikusezin bihurtzea –Urquijo bezalako spammerrak ondo pagatuta daude zoritxarrez–, gauzak pixka bat gehiago konplikatzen dituzte debaldeko kontra-kanpaina hauek.
Framing kontu bat da: aurkezten zaigun moduaren arabera eraikitzen dugu problema bati buruz daukagun uste-sorta eta “euskara=tribu” markoa elikatzeak, Jon Juaristi asko pozteaz aparte –martxa honetan igual bere liburu honen salmentak pixka bat igoko dira–, ez dio ezertan laguntzen ez hizkuntza politika berdinzale bati, ezta politika horiek inplementatu ditzaketen indar politiko bakarrei ere.
Total, laburbilduz: monolinguismoaren batailoiak gure lumak eta erritualak azpimarratzeaz ederki enkargatzen direnez, hobe litzateke mota horretako mezuak publikatzeari uztea eta euskara politago agertzen den markoak elikatzen hastea. Bestela hurrengoan “block & report spam” botoia sakatzen hasiko naiz. Badakit ez dela sekulako mehatxua, baina ez naizenez indioa, ezin dut esan aizkorarekin buruko larru azalak moztuko ditudala.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA