Atxiloketak eta semantika

Gorka Bereziartua
0

Burlatan torturaren kontra egindako murala da itxuraz atxiloketen kausetako bat (argazkia: @aagirrezabal).
Burlatan torturaren kontra egindako murala da itxuraz atxiloketen kausetako bat (argazkia: @aagirrezabal).

Badirudi “Tortura” hitza marra gorri batez ezabatuta agertzen den mural bat dela astearte goizean Burlatan egin dituzten atxiloketen kausa. Alegia, salatzen den ekintzaren egilea seinalatu ere egiten ez duen margolan batengatik eskuburdinekin atera zaitezke etxetik, Guardia Zibila iraindu duzulakoan.

Badakigu euskal gatazka izan denaren narratiba lehia politikorako tresna dela azken urteetan, baina “errelatoa” eta antzeko terminoak aspertzeraino erabili diren arren, ez genuen asko espero politikaren dimentsio, nolabait esateko, literarioa puntu honetaraino iritsiko zenik.
Izan ere, elipsia eta metonimia baliatuz atxilotu dituzte muralaren egileak: ekintza batek (tortura) haren balizko egilea (aipatzen ez den subjektua) ordezkatzen duela ulertuz bakarrik jo daiteke murala Guardia Zibilaren aurkako iraintzat.
Eta gauzak horrela ulertuz gero, salatzen dena ukatu baino, baieztatu egiten duela esango nuke.
Azken helburua beste bat da, noski. Edozein esaldiren interpretazioa azken muturreraino eraman ahal izatea, ahoa irekitzen duen edonor enpapelatu ahal izateko. Beldurra eremu semantikora hedatzeko. Inork ezer esan ezin dezakeen egoera sortzeraino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA