Langileen eskubideak ez dira museoko pieza

Gorka Bereziartua
2

Euren lan baldintza prekarioekin bukatzeko hasi dute greba museoko langileek.
Euren lan baldintza prekarioekin bukatzeko hasi dute greba museoko langileek.

20 egun baino gehiago daramatzate Bilboko Arte Ederretako museoko langileek greban eta, agerian uzten ari dira beste azpiegitura kultural askotan ere sumatzen den zerbait: Europako Kultur Hiriburutzatik hasi, eta bihar edo etzi zure auzoan gastu publiko inportanteekin zabaldu dezaketen zentro abangoardista horretaraino, fatxada estetizatuaren atzean lan baldintza oso gogorrak eskaintzen ditu kultura ofizialaren sektoreak.

Bilboko kasuan, Arte Eder museoak hilean 880 euroko soldata eskaintzen du gehienez. Hau da, pobreziara kondenatzen du bertan ari den langilea —Hego Euskal Herrian pobreziaren muga hilean 994 euroan jarri dute Elkartzen bezalako eragileek—. Eta ez, noski, ez da kulturaren esparruan bakarrik gertatzen den zerbait. Irakurtzen duzu Arte Ederretako beharginek salatzen duten Manpower enpresaren funtzionatzeko modua, eta saihestezina da burura etortzea esleipen publikoari esker dirutzak irabazi arren, langileen baldintzak geroz eta gehiago estutzen dituzten beste zenbait korporazioren izenak: errepideen mantenutik zaintzaren esparruraino, zerbitzu publiko pila dago esku pribatuetan macdonalizatuta.
Diferentzia da, sektore kulturalaren prekarizazioaz oso gutxi hitz egiten dela. Kulturan gauzak ondo joan behar baitira derrigor. Kulturak, azken finean, herri hau salbatu zuen narratiba ofizialaren arabera. Euskaldunako borroka galduen gainean hasi zen eraikitzen Euskal Autonomia Erkidego postmoaren kontakizuna: Guggenheim efektua, museo eta zentro artistiko berriek hirugarren sektorea indartu eta turismorako leku ezin aproposagoak bihurtu zituzten lehen paraje industrial itsusi ziren hauek.
Euskadin rock & rollak ez zuen dirurik ematen 1980ko hamarkadan, baina 1990eko urteen amaieratik aurrera, rockak ez dakit, kulturak eman du, eman duenez: azpiegitura berriak eraiki, mantendu, garbitu, kudeatu… Zeregin berri gehiegi gure instituzioentzat, ez ordea hain justu negozio-lerro horietan jarduteko enpresak sortu eta ate joka etorri ziren lagun, lehengusu edo koinatuentzat.
Asteleheneko notizia da Bilboko Arte Eder Museoan eskua duten erakunde publikoak langileak presionatzen ari direla zerbitzu minimoekin. Greba hau molestatzen hasi da eta udan sartu ahala deserosoagoa izango da oraindik. Kulturaren esparrua problematizatzen hasteko balio baldin badu, ez du ekarpen makala egingo.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA