Duela aste pare bat-edo eman zuten berria Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak: euskarazko literatura beltza sustatzeko beka jarri dute martxan, Nafarroako bailara horretan antolatzen duten (H)Ilbeltza euskal nobela beltzaren asteak irekitako bideari segika. 6.000 euroko laguntza dago mahai gainean, zeina kutsu beltzeko euskal nobela-proiektu onenaren egileak poltsikoratuko duen.
Horrelakoak ikusita, bati baino gehiagori pasako zitzaion burutik “nik idatziko nuke, BAINA” esaldia. Kasu honetan, onak dira idazteko arrazoi estraliterarioak –pezeten garaiko kilo bat, alajaina–, baina ez dira makalagoak gure buruari jartzen dizkiogun aitzakiak, nobela kriminal bat idatzi ordez beste edozertan denbora galtzeko.
“Nik idatziko nuke, baina ez dakit zer kontatu”, edo estiloko aitzakiak jarriz prokastinazioaren atzaparretan erortzear direnak salbatzeko premia sentitu dut, gai bat proposatuz. Izan ere, askotan periodikoen hemerotekan pixka bat arakatzea nahikoa da eleberri baten abiapuntua edukitzeko. Horretaz jardun genuen, hain zuzen, duela hilabete inguru Joxerra Senar Berriako kazetariak eta biok (H)Ilbeltzan, Mikel Soto Txalapartako editoreak moderatu zuen “Fikziorako argudioak politikaren trama beltzetik” mahai inguruan. Saio hori prestatzen ari nintzela akordatu nintzen Gipuzkoako Ogasunean duela hamarkada pasatxo gertatu zenaz.
Ez didazue ukatuko, historiak baditu nobela beltz bat osatzeko moduko elementuak. Hiru gutxienez:
Bat: sutea itzaltzean agertzen den gorpua
2005eko ekainaren 13an Gipuzkoako Ogasunaren edifizioa asaltatu eta su eman zioten. Igandea zen. Sutea itzaltzea lortu zutenean, pertsona bat agertu zen hilda. Segurtasun zaindaria zen. Buruan tiro bat zeukan.
Bi: sekreturik onena, hilotzak gordetzen duena
Hurrengo egunean, Miramon mendian jolasean ari ziren bi haurri baloia ezponda batean behera erori zitzaien, eta haren bila joan zirenean, gorpu bat aurkitu zuten. Ogasuneko eraikineko beste segurtasun zaindaria zen. Bularrean tiro bat zeukan.
Bigarren segurtasun zaindari horren bila zebiltzan sutea gertatu zenetik, ez baitzen astelehenean lanera agertu, txanda betetzea zegokion arren. Ategorrietan zeukan etxera bila joan zitzaizkion, alferrik. Bera zen susmagarri nagusia, baita, akaso, suteari buruzko argibideren bat eman zezakeen bakarra.
Hiru: nork eman nahi zien su Ogasuneko dokumentuei?
Gertakariak oso itxura iluna zuen. Are ilunagoa, beste kontu batekin lotzen baldin badugu: sutea gertatu zen unean, Gipuzkoako Ogasunean barne-auditoria bat egiten ari ziren Jose Maria Bravok, Irungo Ogasuneko bulegoko buruak, tramitatu zituen espedienteetan aurkitutako irregulartasun handi batzuk zirela-eta. Jose Maria Bravoren anaia, Victor Bravo, Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari izan zen. 2004tik Espainiako senatuan eserleku bat zeukan, EAJko ordezkari gisa. 2007an dimitituko zuen, auziarekin lotuta.
Bi lankideren arteko ezinikusiak eragindako heriotzak bailiran kontatu zitzaizkigun lehenbiziko bi puntuak. Hirugarrenari dagokionez, egunerokotasunean urtzen joan zen, geroz eta kriptikoagoak bihurtu ziren titular judizialetan. Handik zazpi urtera atera zen Jose Maria Bravoren aurkako epaia: 11 urteko kartzela zigorra, Ogasunarekin zorretan zeudenei dirua kobratu eta gero Haziendan ez ingresatzeagatik.
Baina, eta detektibe batek, kazetari batek edo Foru Ogasunean lan egiten duen norbaitek zerbait deskubrituko balu? Errealitatean ikertu ez diren hipotesiak fikzioaren bidez esploratzeko aukera libre dago. Esku pixka batekin kontatuz gero, thriller bikain bat dago hor. Benga, nor animatuko da?