Arrazoi ugari tarteko, zeresana eman du Las cloacas de interior dokumentalak. Adibidez, TV3 kate publiko kataluniarrak eman duelako asteartean eta 700.000 ikusle baino gehiago lortu; adibidez, ETBn emango zutela iragarri ostean parrillatik erori zelako; eta norbait kontu eske hasi arte ez delako bueltatu programaziora, Katalunian baino egun bat geroago emititua izateko, ez arrakasta gutxirekin nolanahi –254.000 ikusle, El Conquis hiperpromozionatuaren saio batzuk baino gehiago, ia iragarri gabe–.
Mediaprok ekoiztutako dokumentala da, horrek esan nahi duen guztiarekin: esan nahi du Jaume Roures himselfek zuzendu duela; esan nahi du tratatzen duen gaia bezain inportantea dela dokumentalean Público egunkariari propaganda egitea –Jaume Roures himselfen periodikoa alegia–; esan nahi du Baltasar Garzón bezalako pertsonaiak presentatzen dituela pelikulako zintzoen saldoan; hau da, esan nahi du ezer ikusi aurretik ere “bai baina” askok saltatzen dutela.
Filmaren oinarrizko pieza audio grabazio bat da, Jorge Fernandez Díaz Espainiako Barne ministro ohiari egin ziotena eta argi uzten duena konspiratzen aritu zela, estatuko aparatuak erabiliz, Kataluniako alderdi independentisten kontra. Irauten duen ordu eta hogei minutuetan, grabazio horrek agerian utzi zuen “Katalunia operazioa”-ren gakoak azaltzen saiatzen da Las cloacas de interior.
Problema da, ez duela lortzen –konprobatu dezakezue, behean dago oso-osorik–.
Kontziente naiz ez dela erraza izan behar modu ulergarrian esplikatzea nola nahasten diren Espainiako Gobernua, polizia, fiskaltza eta handik pasatzen den beste patriotaren bat halako zikulu-saltsan, baina konbentzitua nago ahalegin pixka batekin lor daitekeela. Dokumental honetan, ordea, gauzak direna baino konplikatuago egiten dituzte, besteak beste, erabilitako zenbait baliabiderengatik –etengabe pantailan agertzen diren egunkarietako titularrak adibidez; baina gogoratu, Público promozionatu behar da–. Gaiaz ondo informatu nahi duenak, hobe egingo du filmak irauten duen denbora interneten bilaketak egiteko baliatzea, zeren 1) ekoizpen honetan ez dago jada argitaratu ez den informaziorik eta 2) segur aski idatziz gauzak hobeto esplikatu dira.
Publizitate engainagarriaren historiarako geratuko da dokumentalaren titulua: Espainiako estatu-aparatuak nola erabiltzen dituzten ikusten dugun arren, eta esplikatzen zaigun arren joko-arau batzuk nola pasatzen diren hankartetik interes zehatzen izenean, hemen bizi eta azken 20 urteetan periodiko batzuk irakurri dituen edozeinentzat begi-bistakoa da Barne Ministerioaren zapata-zolan kaka asko geratzen dela oraindik. Dokumental honetakoa ez da Espainiako Barne Ministerioaren estolderia. Dokumental honetakoa da Espainiako Barne Ministerioak Mirakontxan daukan pisuko balkoiari atera zaion herdoil pixka bat. Estoldak hamar pisu beherago jaitsita hasten dira, baina Roures faktoriaren dokumentalean ez gara gehiegi hurbilduko benetan usain txarra duten gauzetara.
Powerpoint luze eta errepikakor bat ikusi ondoren geratzen zaizun logura da filmetik atera dudan sentsazio nagusia. Ez dakit non bizi garen honelako zerbaitek hainbeste hauts harrotzeko. Gainera, amaiera aldera, nire buruari lasai aharrausi egiteko gozamena eskaintzera nindoanean, plazera eten zidan Baltasar Garzónen azken interbentzioak, esanez inor ez luketela judizialki jazarri behar bere ideia politikoengatik.
Etxean daukadan zinismometroak eztanda egin zidan, norbaitek badaki horrelako tramankuluak konpontzen?
Espainiako Barne Ministerioaren estoldak ez daude Rouresen dokumentalean
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Ados, guztiz ados gauza gehienekin, baina hala ere dokumentala hor dago eta kritikak kritika uste dut hobe dela hori, ezer ez baino. Berriro diot, ados Publicoren propaganda dela eta estoldetara ez direla iritsi, baina apurtxo bat ekarri duela pentsatzen dut. zorionak kritikarengatik.