Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2017
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2017

Hazten jarraitzen dute

Gorka Bereziartua
2017-09-24
1

Erraldoi bat? Ez, garai bat, bi pertsonaiaren bidez kontatua.

Ikusmina ez zen txikia eta presio horren pean estreinatu da Zinemaldiko Sail Ofizialean Moriarti faktoriaren film berria, Handia, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendua. Eta orain, behin ikusita, bai, esan dezakegu: ez dute dezepzionatu. Migel Joakin Eleizegi “Altzoko Handia”-ren mitoa pantaila handira eramatea lortu dute, ertz ugari dauzkan istorio baten bidez.

Hasteko: Altzoko Handia ez da, aurretik pentsatzen genuenaren kontra, filmeko ardatza. Etengabe hazten ari den pertsonaia horrek eta haren anaiak daukaten erlazioa dago erdigunean; eta ikuspegia gehiago lerratzen da bigarrenaren aldera. Elkarrekin bizitzea dute patu, bakoitzak bide diferenteetatik jo nahia, berriz, kondena. Ordezkatzen dituzte bizitzea egokitu zaien garaiaren bi jarrera kontrajarri: Migel Joakinek ez du aldatu nahi, baina bere gorputzak ez dio beste aukerarik uzten, etengabe hazten ari da, izugarri, munduan parerik gabe. Martinek bai, beste zerbait bilatzen du, Amerika du amets, baserria atzean utzi nahi du gerra karlisten ondoren, baina bala batek ezinduta utzi dion besoarekin ezin du.
Bien bidegurutzean, Handia-k garai baten argazkia eskaintzen digu, gure XIX. mendearena, zeinak, ikusten dakienarentzat, ispilu-joko interesgarriak eskaintzen dituen gaurko denborekin. Oso sotilki, Migel Joakinen eta Martinen kondizio subalternoa ikusiko dugu pantailan, erraldoia erakusteko ikuskizunak antolatuz Madrileraino iristen direlarik, euren jatorri eta hizkeragatik barre egiten dietenean. Modernitateak, hiriak, ez dauka lekurik erreserbatuta beraientzat; anomalia bat dira garaiko Espainiako hiriburuan, baina ezohikotasun hori ez da zentimetrotan neurtzen denetakoa. Kondizio hori islatzea ez da hain erraza diskurtso politikoetan erori gabe, baina Handia-k egiten du, eta pintzelkada gutxirekin gainera.
Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiagaren interpretazioak zerikusi handia du filmak lortzen duen tonuarekin, beraiek dira filmaren bizkar-hezurra, aldatzen ari den munduari pertsonaien eboluzioarekin erantzuten diote.
Etenik gabe aurrera egiten duen denbora islatzeko, elementu sinple bezain eraginkorrak erabili dituzte Arregik eta Garañok: filmaren hasierako otsokumea, amaieran handi eta mehatxagarri agertuko da; erlojuaren soinua nahastuko da erraldoiaren hezurrek haztean egiten dutenarekin; lehen eszenetan uzta dena, bukaerarako bihurtuko da negu.
Jada estilo-marka gisa hartu behar diren ezaugarriak dauzka Handia-k: aparteko faktura duen irudia, erretinan grabatuta geratzen diren enkoadreak, emozio sakonak gehiegikeriarik gabe adierazteko gaitasuna. Eta osagai horiekin pelikula anbiziotsua egin dutela esango nuke, hitzaren zentzurik onenean: Loreak-ekin langa goian jarri zuten, gera zitezkeen altura horretan. Baina Moriartikoek hazten jarraitu nahi dute.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

aitor arregialtzoko handiahandiajon garañomigel joakin eleizegi
1 Iruzkin
    Hazten jarraitzen dute | EIBZko liburutegia (e)k dio: Erantzun
    2017-09-26, 9:36

    […] Gorka Bereziartua / 2017-09-24 / 356 hitz […]

Utzi erantzuna Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Emakumeena da boterea, bere alde txarrekin ere2017-09-23
Hobe zenuela ezkondu?2017-09-24
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA