Inkontziente kolpista

Gorka Bereziartua
0

“Kezkatzen nau momentu erabakigarrian, 

aukeratu behar denean, beti aukeratzen duzuela 

amorerik ematen ez dutenen alde egitea” 

Alfonso Alonso EAJri, EAEko Legebiltzarran (ElDiario.es)

Zalantza daukat: PPko Alfonso Alonsok lapsus bat izan zuen joan den ostegunean EAEko Legebiltzarreko mikrofono, argi eta kameren aurrean EAJri abisu hau bidali zionean?
Ala, jaka diskretuki alderatuz pistola erakusten dizun sekretaren paperean sartu zen, larderiaz beteriko “tranquilito” bat esateko aspirazio katalanak dituzten jeltzaleei?
Zeren, zalantzarik ez daukat: alderdiaren historia errepasatuta, Sabin Etxekoei behin gogoratzen zaie “okerreko” zenbakiaren alde dena jokatu izana: 1936an, faxismoaren aurrean zilegitasun demokratikoaren alde egin zutenean. Ongi egina. Garesti pagatua. Geroztik beti neurtu dute zertan sartu eta zertan ez, hasi Xibertatik eta pasa 40 urtean izan diren negoziazio historiko guztietatik. Enric Julianak duela gutxi La Vanguardia-n zioen: “EAJren hoztasun operatiboa legendarioa da. Euskal nazionalismoak ez du lagunik, interesak baino ez ditu”.
Beraz, Alonso: lapsus bat izan bada, seinale ministro ohi peperoak zitaren bat huts egin duela kaskologoan, burmuinaren puska sakonenean bizi zaion alkandora urdin, uztarri eta gezidun muskerra hizketan hasi baita behar ez duen leku eta orduan. Gerrikoan daraman burdina erakusten ari bada, aldiz, adierazten ari da berdin duela botoen %10 eskasa edukitzea probintzia hauetan, kuartelekin eta epaileekin eskura daukala noiznahi boto-kutxek sekula emango ez diotena.
Oso probablea da bi gauzak batera gertatu izana: fatxa mozorrorik gabe eszenan agertzen denean, afizioa du mehatxuka hasteko. Baina orduan galdetu beharko zaio parlamentuan halako mezuak jasotzen dituenari, txuleria hori agoantatzeak ze prezio daukan. Eta ez ote den dagoeneko faktura garestiegia bihurtu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA