‘Patria’ operazioa: erregimenak euskal gatazka behar du legitimatua sentitzeko

Gorka Bereziartua
0

Fernando Aramburu eta Mariano Rajoy.

Fernando Arambururen Patria nobelak irabazi du, aurreikuspen guztiak betez, Espainiako Narratiba Saria. Euskal gatazkari buruzko “behin betiko nobela” izateko bokazioz sortutako produktu literarioak badu, honenbestez, aitortza definitiboa eta badirudi beste puska batean liburu-dendetako lehen lerroan izango dugula, azken 50 urteetan probintzia hauetan bizi izandako errealitate politiko-soziala ardatz duten euskarazko liburuei itzal eginez.

Badago zerbait Patria operazioan arreta deitzen duena: gutxitan ikusi dugula establishment espainiarra, Gobernuko presidenteraino, hain sutsuki defendatzen fikziozko lan bat. Mariano Rajoyk, Marca irakurtzeaz gain afizio literario handirik ezagutzen ez zaion gizon horrek, Arambururen lanaz esan zuen: “Irakurri behar den nobela da, gure historiaren parte inportante bat gogoratzeko, jakiteko zer gertatu zen eta egia ezagutzeko”.
Eta bestelako kontsiderazioak alde batera utzita –gutako bakoitzak euskal gatazkaz izan dezakeen irakurketa, adibidez–, puntu horretan ezetz esan behar da. Literatur lan baten balioa ezin dela hori izan, baloratu beharko dela nobela hori gainontzeko nobelak bezala, alegia, alderdi literariotik, eta ez diskurtso politiko-kultural gisa. Alde horretatik, Iban Zalduak liburuari egin zion kritika askoz interesgarriagoa iruditzen zait haren inguruan izan den zarata mediatikoarekin konparatuz.
Zergatik liburu zehatz hau prestigiatzeko ahalegin hau ordea? Nire hipotesia da une honetan euskal gatazka dela leku bakarrenetarikoa non botere faktiko espainiarrek beren burua legitimatuta sentitzen duten: 2011. urteaz geroztik balantzaka ari den erregimen konstituzionalak M15aren aurrean edo berriki Kataluniako independentismoaren aurrean aurpegi itsusi eta antidemokratikoa erakutsi du; eztabaida publikoaren ardatza desplazatzen ikusi dugu eta bitartean ustelkeria kasuak barra-barra argitaratu dira; eta hori eragozteko eraikitzen saiatu diren etsaiek ez dute lortu, momentuz, ETAren kontrako fronte komunaren kontsentsurik.
Beldur naiz zeregin hori betetzeko ezer berririk asmatzen ez duten bitartean, Patria operazio handiago baten lehen kapitulua besterik izango ez ote den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA