Eskertzen diot Miel A. Elustondori azaroaren 5eko ARGIAn publikatu nuen zutabeari erantzun izana jende guztiak irakurri dezakeen artikulu baten bidez eta ez, demagun, telefonoz edo bestelako mezu pribaturen bat erabiliz. Eta ez dut hau debalde esaten, sarritan topo egin izan baitut antzeko egoeraren bat argirik eta takigraforik gabe “arreglatu” nahi izan duen jendearekin. Ezkutuan ibili ordez artikulu bidez erantzutea, beraz, denek edukitzen ez duten detailea da.
Hortik aurrera, noski, esaten dituen zenbait konturekin erabat desados nago. Baina gauzak bigarren paragrafotik ez mikazte aldera, has gaitezen Elustondok arrazoia duen puntuarekin: bai, Kirmen Uribek erreportaje batean egin zuen nik artikuluan aipatu nuen adierazpena; eta bai, erreportaje horretan beste pertsona batzuen adierazpenak ere biltzen zituen The New York Times-eko kazetariak. Testuinguru hori eman nezakeen zutabean? Bai. Adierazpenak beste testuinguru bat ere badauka? Bai: erreportajea bera argitaratu den klima politikoa Euskal Herrian. Alegia, Kataluniako independentzia-aukeraren aurrean hemen ere antzeko bidetik segi beharko litzatekeela uste dutenen eta hori inola ere nahi ez dutenen arteko tentsioa. Eta horri lehentasuna ematea erabaki nuen, 1.600 karakterek eskaintzen duten tarte ez oso luzean garrantzitsuagoa iruditu zitzaidalako. Horrelako aukerak egin beharra ere bada ofizio honen parte.
Testuinguruarekin hain zehatza izateko eskatzen didan Miel A. Elustondok, ordea, ez du detaile handirik ematen Uriberi buruz idatzi nuenaz. Berak egiten ez duenez, nik egingo dut. Aipatutako klima politikoaz aritu ondoren, azken paragrafoan kontzentratu nuen idazlearen adierazpenaz esateko neukana: “Problema nagusia ez da edukia, nolanahi. Problema da Kirmen Uribek bere idazle lanetik dimititzea eta nazioarteko medio batean bere iritziak herritar guztienak balira bezala agertu nahi izatea. Literaturak ez dauka zerikusirik low cost soziologia honekin, errealitatearen poroetan bizi da, pertsonen eta gizarteen kontraesanetan; aurre-fabrikatutako adierazpenetatik urrun dagoen lurralde horretan”.
“Gaizki esaka” aritzea da hori Elustondorentzat? Merke dago gaizki esaka aritzea orduan, nire asmoa kritika bat egitea baitzen –ulertzen du Elustondok diferentzia?–. Kritika bat: ustez libre eta zilegi den zerbait, nahiz eta beharbada ez zaigun gustatzen, batez ere kritikatutako esaldia estimatzen dugun norbaitek esana bada. Eta ez diot eskatuko Elustondori zutabe horri “atsegin dut” sakatzea, noski. Baina bai eztabaida serio bat edukitzeko baldintza minimoetako bat: garbi joka dezala erabiltzen dituen hitzekin.
“Eraso” egin dudala esatea, adibidez, ez zait onargarria iruditzen. Ukabilekin egiten da eraso, pistolekin, tankeekin, metrailetekin, fusilekin. Nik zutabe bat idatzi dut. Eta zerbait idaztea erasoaren terrenoan sartzen duenak bi aldiz pentsatu behar lukeelakoan nago, batez ere kazetaria bada; horrela jokatuta asko errazten baitie lana adierazpen askatasuna mugatzeko grinez dabiltzanei. Mozal Legearekin nahikoa dugu, ez ditugu mozal txikiak behar gure artean.
“Utziko duzue idazlea bakean, bakean idatz dezan?”, galdetzen du Elustondok artikuluaren amaieran, erakutsiz ez duela nire zutabearen zentzua ulertu. Ze, hain zuzen horretaz ari nintzen “Uribek bere idazle lanetik dimititzea” aipatu nuenean: idaztearekin zerikusirik ez daukan ordezkari publiko lana hartu zuela The New York Times-eko artikuluan, herritar guztien izenean hitz egin zuela; eta hori ez dela, nire ustez, idazle baten zeregina. Elustondok kontrakoa uste badu, uste badu idazle batek kanonikoa izatea lortu ostean horrelako lizentziak har ditzakeela, eskertuko nioke ondo justifikatutako artikulu bat bere ikuspuntua esplikatuz. Horrela agian edukiko dugu eztabaida bat interes pixka bat izango duena, pertsonalizazioetatik harago joateko posibilitateren batekin.
“Aise nabarmendu du bere burua” bezalako esaldiak irakurrita, ordea, ez daukat esperantza handirik. Problema pertsona batengan fokalizatu eta beste dena primeran joango balitz bezala jokatzea da hori. Badirudi hemen, euskaraz, horrelako eztabaidak inoiz ez direla tokatzen, ez direla komeni, ez direla planteatu ere egin behar. Lehen produktu kultural jakin batzuei bainaren bat ateratzean asaldatzen zen zintzoen saldoa. Orain adierazpen politikoekin ere patroi bera aplikatuko dute? Horrela ezin da irakurlegoari zerbait esango dion prentsarik egin euskaraz. Horrela ezin da hizkuntza baten erabilera publikoa normalizatu. Horrela lortzen den bakarra da erdarara pasatzea atrebimendu pixka batekin aritu behar den bakoitzean. Gutxienez galdetu beharko da ea prezio hori pagatzeko prest gauden pertsonalitate batzuek sistema kulturalean daukaten posizioari erosotasunez eustearen truke.
“Entzungo diezu bakea, bakea deiadarkatzen”, kantatzen zuen Laboak duela berrogei urte baino gehiago. Gaur bertan, gosaltzeko orduan, juaneteen kexa entzun dut enegarren aldiz.
2 Iruzkin
Lehengoez gainera, horra euskaldunen gainera erori zaigun izurrite berria: orain berdinak bide dira “nolanahi” eta “nolanahi ere”:
“Problema nagusia ez da edukia, nolanahi.”
Ikusia nago aje hori beste zenbaiten luman, eta ikaratzen hasia nago ezin zulatuz zer debru gertatzen zaigun euskaldunoi gure buruari uzteko hein horretaraino zabartzen, eta erabaki dezagun egoki eta zuzen dela euskaraz idaztea gure aurretik sekula beste inork hitz bat idatzi ez balu bezala. Imajinatzen al du inork idazle español batek elkarrekin nahasten “así” eta “así y todo”? Nekez. Holako ozarkeriak ikusteko euskal testuak behar dira irakurri eta pairatu.
Aupa Aitor, mila esker nire zabarkeria seinalatzeagatik, izan ere, hori egin izan ez bazenu ez nuen inoiz ikasiko maizegi egiten dudan hori akatsa dela. Zure iruzkinari segiz Ereduzko Prosa Gaur-en “nolanahi” sartu, eta argi eta garbi ikusi dut. Nire defentsatxorako esan behar nuke, adibideetako asko irakurri ditudan liburuetakoak direla, baina bistan denez ez dudala behar adinako arretarik jarri. Nire zozoan, sinetsita nengoen “nolanahi” hitzak bi adierak eduki zitzakeela eta testuinguruaren arabera ulertzen zela.
Eta segur aski, hori pentsatzen duen bakarra ez naizenez, orain zabarkeria den hau hainbeste orokortu daiteke, momentu batetik aurrera araua aldatu beharko dela. Ez dudanez nahi zu bezalako irakurle fin batek horrekin sufritzea, nire iritzia emango dizut: ez dut uste honelako kontuekin drama handiegirik egitea komeni denik. Eta esperientziagatik esaten dizut, neronek ere antolatu izan ditudalako kanpainatxoak “sukaldatu” hitzaren erabileraren aurka, frankotan gaizki pasa eta azkenerako alferrikako misioa zela konturatu arte.
Auziari beste alde batetik begiratzeko moduan gaude zorionez. Adibidez, gaztelaniazko “así”-ren adibidea ekarri duzula probestuz, kontuan izan hitz horrek zenbat adiera eduki ditzakeen, testuinguruaren arabera ulertzen direnak. “De esta o de esa manera” (¿Te gusta así el café?), “entonces, por consiguiente” (Se complementaban bien, y, así, lo que le faltaba al uno lo ponía el otro), “por ejemplo” (El reino animal engloba especies distintas. Así, un crustáceo y un reptil presentan características muy dispares), “Aunque, por más que” (Lo encontraré, así tenga que registrar toda la casa), “ojalá” (Así se muera)… eta abar.
Hizkuntzak gauza biziak dira eta adiera diferente horiek ere noizbait erantsiko zitzaizkion hitzak jatorrian zeukan erabilerari, ez al zaizu iruditzen?