Boligrafo Gorria
Fauna publikoa
by Gorka Bereziartua
  • Fauna publikoa

Nik ez dut bigarren talderik

Gorka Bereziartua
2018-07-24
1

Ez da nire asmoa 22 urteko gazte baten ametsa zapuztea, denok izan baitugu noizbait burua ilusioz, espektatibaz eta proiektuz beteta. Gero pasatzen dira urteak eta, Hertzainak taldeak kantatzen zuen bezala, behin dena nahi zenuen hori, zure buruarekin konformatzen hasten zara –auskalo Odriozolaren kasua hori izango ote den, agian hegala libre aurkituko du Florentinoren taldean–. Baina mesedez, ez esan Real Madrilen jokatzea dela edozein futbolariren ametsa. Onenetako batzuk –Maradona, Cruyff, nik zer dakit, Lopez Ufarte– merengea dastatu gabekoak dira eta ez dute haren faltarik sumatu ostikolarien olinpoan sartzeko.

Oraindik orain, erretiroa hartzean esan du Odriozolaren aldean beste estilo bat erakutsi duen Xabi Prietok: “Nire ametsa ez zen futbolaria izatea, Realean jokatzea zen”. Beste garai bateko adierazpena dirudi, kluba sozietate anonimo bihurtu aurrekoa –gaur egun kosta egiten zait inori fideltasun erabatekorik eskatzea berea ez den enpresarekin–.
Fitxaketak erakusten duen klima da larriena ordea: tratuan Madrili ateratako sosak azpimarratzen aritu da Gipuzkoako buletin ia-ofiziala –erabili den erretorika konpara daiteke parlamentari baskongadoek gastatzen dutenarekin, tarteka Moncloari ateratzen omen dizkioten bentajak saltzen hasten direnean–. Chamartingoen gauzak egiteko modua txalotu du Aperribayk, norbait Zubietatik Lezamara aldatzen denean zorrozten duen miztoa gordeta.
Gipuzkoarren Barçazaletasuna apaldu nahian “nik ez dut bigarren talderik” kanpaina bultzatu zuen Realeko zuzendaritza honek. Real Madrilekin antzeko zerbait egiten duenean sinetsiko diot Debako arma-saltzaileari.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

1 Iruzkin
    Joxe Mari (e)k dio: Erantzun
    2018-07-25, 6:17

    Erabat ados nago hemen esaten duzunakin adibidez Odriozola Madrik fitxatu duhen bezala Bilbok fitxatu izan balu Santu guztiak jeitxiko zituzten zeruetatik baina Real Madril no la den hematen du denak onartzen dutela lotsagarria iruditu izandu zait beti eta zait oraingoan ere. Hematen du Madril esne hobea hematen duhen behia dela LOTSAGARRIA

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Kanpolarrosa festival2018-07-17
Hitz egin nirekin, zerria2018-08-28
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA