Requiem bat herriko azken liburu-dendari

Gorka Bereziartua
0

Hondarribiko Olearso liburu-denda apirilaren 28an itxiko dute.

Gutxien espero duzunean iristen dira notiziarik txarrenak, egun normaletan, gauza errutinario eta funts gutxikoak egiten ari zaren bitartean; eta albiste terribleak kontraste patetikoa probokatzen du egiten ari zinen horren hutsaltasunarekin; eta noski, erruduntasun sentsazioa eragiten dizu: zertan ari nintzen ni, hau gertatzen ari zen bitartean. Azkeneko aldiz duela aste pare bat: atera naiz Marianen janari dendatik, dozena bat kroketa erosita, oilasko bular bat xerratan (“finak mesedez”) eta parean tokatu direlako poltsan bukatu duten beste pare bat gauza, hasten naiz etxerantz eta kalea gurutzatzen ari naizela ikusten dut afixa eskaparatean: “Liquidación por cierre”.
Ez, joder.
Herriko liburu-denda bakarra itxi egingo dute.

Albisteak zerbitzu-orduetatik kanpo harrapatu nauen arren, dendan sartu eta galdezka hastea izan da lehenbiziko erreakzioa. Ea nolatan, zergatik, beste zer jarriko duten –azken esperantza-izpia: akaso beste liburu-denda bat izango dela–.
Poltsa bete kroketarekin kulturaren tenplu txiki honetara sartu eta galdezka hasi den tipoaren antsietateaz batere kutsatu gabe, dendako arduradunak ez dit gauza askorik argitu.
Zer argitu behar zidan ba, ingurura begiratzea besterik ez dago: nobedadeei dedikatutako mahaia alde batera utzita –non pieza ez oso gomendagarriak dauden, Pedro Sanchezen Manual de resistencia-tik hasita editorial handiek oka egin dituzten azken best-sellerretaraino– gainontzeko apaletan pilatutako liburu batzuek urte gehiago dauzkate Realeko zenbait jokalarik baino –eta ez izan dudarik, dendaren ohiko bezeriak hobeto ezagutzen ditu bigarrenak lehenbizikoak baino–.
Denda zaharra izatea zuen xarma ere, euskal literaturaren zenbait harribitxi hemen aurkitu izan baititut eta ezagutzen dut ni baino eskaner hobearekin pasa zelako Atxagaren Etiopia-ren lehen edizio bat bertan aurkitu zuenik ere. Afizio hau daukagunok ez gara nobedadeetatik bakarrik bizi eta, Olearsok –hala baitu izena dendak– deskubrimendu politak egiteko aukera ematen zigun, ez dendaren politika zelako euskal klasikoen berrirakurketa bultzatzea, baizik eta, besterik gabe, materiala pilatzen joan delako urtetan.
Periodikoak saltzen iraun du orain arte, jakinda hortzetako txotxak erosteko ere ez duela ematen prentsaren negozioak azkenaldian; eusten, erresistentzian –benetakoan, ez Sanchezenean–, bueltaka-bueltaka, pertsianaren eguna iritsi den arte, nola erortzen den gillotina kondenatutako errukarriaren lepo gainera.
Asuntoa ez dago brometarako, Sant Jordi eguneko titularrek edo liburuen inguruan antolatzen diren beste zenbait ebentok makillatzen laguntzen badute ere. Liburu-denda bat edukitzea arrisku handiko kiroltzat hartu daiteke garaiotan. Zer esanik ez herri batean baldin badago. Eta liburu saltzaileek behar lukete, animoez eta tartekako erosketez gain, babes-politikaren bat.
Leku batzuetan hasiak dira, Parisen adibidez, sektorearentzat laguntzak iragartzen, baloratuz liburu-dendak badirela zerbait komertzio arruntetik harago dagoena, herritarren osasun kulturalarentzat ezinbesteko espazioak direla.
Baina badirudi kontu hauek beti hirietan pasatzen direla. Biztanle gutxiagoko lekuetan Hondarribiko Olearsorena dela saihestu ezin den patua; eta oso urrutira joan gabe liburuak eskuratu nahi badituzu hor daukazula Amazon, kontua salerosketa horretara mugatuko balitz bezala, apalen artean eduki daitezkeen elkarrizketek ezer balio ez balute bezala; liburuak pantaila batean ikusita edo esku artean edukita berdin baloratuko balira bezala; enfin, joan den asteburuan, herriko azken liburu-dendari agur esan eta erdi prezioan jarrita zeuzkatenak zakuratuz goiza pasatzeak berezko balio bat edukiko ez balu bezala.
Hau miseria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA