Balenciaga auzia: ustelkeria eta miopia kulturala

Gorka Bereziartua
0

Haieran kosta behar zena baino bost aldiz garestiago atera zen Balenciaga museoa.

Euskal jostun garrantzitsuenaren lanak kaltetu edo “desagertu” zituzten, hari eskainitako museoa hasieran kosta behar zena baino bost aldiz garestiago atera zen, lagunkeriaz kontratatu zuten eta diru publikoa barra-barra erabili zen gastu pribatuetarako ere –bidaiak, auto-konponketak, senideei egindako transferentziak–. Horiek dira, besteak beste, apirilaren 9an abiatu zen Balenciaga auziko epaiketan aztertuko diren lege-hausteak. Eskandalua lehertu zenetik hamar urte baino gehiago pasata, akusatuen aulkian eseri da Getariako alkate izandako Mariano Camio (EAJ) eta badirudi inork ez dakiela non dagoen Julian Argilagos arkitekto kubatarra, kasu honetako beste inplikatu nagusia, zeinak nazioarteko atxilotze agindua daukan bere kontra.
Euskal Autonomia Erkidegoa ustelkeriarik gabeko oasia dela uste duenak auzi honi erreparatzea besterik ez du, berehala hasiko zaizkio agertzen Valentziakoak bezalako laranjondoak eta tramak gure mendi eta itsaso bazterretan. Ez, ez gara libratu denon dirua beraiena balitz bezala erabili duten agintariak edukitzetik. Diferentzia da, akaso, gutxiagotan ateratzen direla hemen gauzak argitara, elkarte gastronomikoetako konbertsazioetan itotzen direla informatiboak ireki beharko lituzketen notiziak.
Egunkari gehienek kultura saileko orrietan sartu dute epaiketaren hasiera. Ez ahaztu: museo batean gastatu behar zituzten sei milioi eta azkenean gastatu zituzten hogeita hamar. Hogeita hamar milioi euro. Kopurua buruan kabitzen ez zaigunok konparazioak egiten ditugu galera dimentsionatzeko: hiru milioiko aurrekontua zeukan Handia filmak eta euskal zinemaren produkzio garestiena izan da. Alegia, hamar Handia egiteko dirua bota da herri honi gauza handirik ekarri ez dion edifizio, hori bai, oso cool batean. Pentsa zinemaren ordez diziplina kultural merkeagoekin konparatzen badugu: zenbat liburu, disko, antzezlan, bertso-saio finantzatu zitezkeen; zenbat beka, zenbat kultur-heziketarako programa, zenbat jardunaldirentzat emago zuten inoiz itzuliko ez diren milioi horiek.
Balenciagako kasuan ustelkeria ez baita problema bakarra. Inbertsio kultural handiak edifizioetan xahutzea bultzatu duen ideologia ere epaitu behar litzateke, miopia kultural horrek eragindako eskasia jada ordaintzen ari baikara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA