Zazpi urteko haur batez abusatu izana leporatu diotelako AEBetan finantzazio arazoak edukitzen ari den zine zuzendariak bat egin du modu nahiko opakuan talde mediatiko handi bateko buru izatera iritsi den ekoizle kataluniarrarekin, iberiar penintsulako kostaldeko hiri txiki batean pelikula bat grabatzeko: Woody Allen, Jaume Roures eta Donostia. Ez dauka atzera bueltarik, uztail honetan New Yorkeko zuzendaria Gipuzkoako hiriburura iritsiko da.
Karl Marxek zioena errepikatuko ote den ikusteko dago, alegia, historiako gertakari garrantzitsuak bi aldiz gertatzen direla, lehenbizikoan tragedia gisa eta bigarrenean fartsa gisa. Donostian errodatzekoak diren filmaren operazioak lehenago ikusitako zerbaiten tankera badauka behintzat: joan den hamarkadako Vicky Cristina Barcelona tituludun tragedia zinematografikoaren osagaiak berriz frijituta dauzkagu platerean. Zuzendari bera, ekoizle bera eta beraien hiria turismo globalaren eskaparatean jartzeko anbizio bera duten agintari eta lobbyak.
2008ko pelikula hartan Scarlett Johanssonek, Penelope Cruzek eta Javier Bardemek spot publizitario bat egin zuten Bartzelona hiri-markarentzat, hango kaleak, bizi-estiloa, arte-mundua eta “gizon latinoak emakume anglosaxoiak seduzitzen ditu” topikoa nahasiz umore txorrotada batekin. Formula kitzikagarria turistak hegazkin-billeteak erostera animatzeko: bisita ezazu Cristina Juan Antoniorekin maitemindu zen hiria, erromantze latinorik bizitzen ez baduzu ere, ondo pasako duzu mediterranear alai eta ero samarrekin.
1992ko Joko Olinpikoekin hasitako espekulazio-zikloa borobilduta geratu zen. Geroztik hiriko biztanle askoren artean sentsazio bat nagusitu da: beraiena zen zerbait kendu dietela. Marina Garcés filosofoak Ciutat Princesa liburuan esplikatzen duen moduan, industria estraktibista gisa ulertu behar da eredu turistiko hori, guztiona dena –kaleak, plazak, auzoak– enpresa pribatuek nahieran esplotatzeko lehengai bihurtzen duelako. Tragedia bat, Donostian fartsa gisa errepika daitekeena.
Urteotan gauza batzuk aldatu direla pentsatuz kontsolatzea geratzen da: #MeToo kanpainak zerbait astindu du zinema munduan eta akaso Donostiaren agerpen global handi hau ilundu dezake abusuengatik salatutako zuzendari bat beso zabalik hartzeak.
6 Iruzkin
Abusu salaketengatik bitan absolbituriko zinema zuzendaria, esan nahiko duzu. Kontuz detailetxo horiekin, kazetaria zarenez gero.
Film honetako gaiztoa Mia Farrow bide da.
New York Times https://www.nytimes.com/2018/05/24/arts/moses-farrow-woody-allen-dylan-abuse.html
Moses Farrow-ren gutuna, gaztelaniaz:
https://www.letraslibres.com/espana-mexico/cultura/el-caso-woody-allen-un-hijo-toma-la-palabra
Episodio nabar gehiegi ditu kasu horrek, ezta?
Eta #metoo mugimendua, bai, adibide zoragarria nola degeneratzen den ekimen bat, asmo zintzoz abiarazia eta beharrezkoa, sentsazionalismo, morbo eta espektakulu groteskoan.
Aupa Amonamantangorri, mila esker zure iruzkinarengatik.
Lehenbiziko esaldia berriz osorik irakurtzen baduzu, jabetuko zara Woody Allen edukitzen ari den finantzazio-arazoak direla gaia, eta arazo horiek sexu-abusu salaketaren ondorio zuzena dira. Ez dut uste hor debaterik dagoenik.
Hortik aurrera, auzia korapilatsua dela begi-bistakoa da: aipatzen duzun NY Timeseko artikuluan bertan irakur dezakezunez, semeetako batek Allen defendatzen du, baina beste bik Mia Farrowren bertsioarekin bat egiten dute. Eta garrantzitsuagoa dena, abusua gertatu zenean haien etxean ziren beste lekuko batzuek diotenak ezeztatu egiten du Moses Farrowren kontakizuna (ikusi artikulu honetako 6. puntua). Zalantzak edukitzeko modukoa behintzat bada.
Kazetaritzaren ikuspegitik, adin txikikoen kontrako sexu-indarkeria tartean dagoenean, inportanteena posizio zaurgarrian dauden edo egon diren pertsonen testigantzak aintzat hartzea dela uste dut. Beren burua defendatzeko aukera gutxien daukatenak izan ohi dira, adinagatik zaila delako horrelako gertakariak eraso gisa kodifikatzea; eta indarkeria mota horren ezaugarriek (eremu pribatuan gertatzen dira) zail egiten dutelako ondoren salaketak frogatzea.
Gainera Allenen absoluzioa ze terminotan eman zen ere inportantea da, baita horren ondoren epaileak zuzendariari Dylan Farrow bisitatzeko eskubidea kendu ziola gogora ekartzea ere.
Zorionak artikuluarengatik, Gorka Bereziartua. Ederki laburbildu duzu produkzio honen erokeria osotasunean, zehaztasun morbosoaz gain. Pelikula honen eraginaz Donostiak sufrituko duen turistifikazioan pentsatzeak oilo-ipurdia jartzen du.
Azken esaldiari begira, ttak ere bai. Prozesu guztia jarraitu eta aztertu izan dudan aldetik, gogora ekarri dituzun bi egiak aipagarrienak eta adierazgarrienak direla esango nuke. Beraz, nire irakurlearen uste apalean, kazetaritza aldetik, bikain. Segi horrela!
[…] aspaldikoak XX mendean langile borroken ondorioz lorturiko eskubideak dira. Errepasoa bukatzeko Woody Allen Donostian udan grabatu behar duen pelikularen inguruko analisia komentatu […]
Erabat ados Amonamantangorriren iruzkinarekin.
[…] Bereziartuak Argiako Boligrafo Gorria […]