Donostiako Zinemaldian ikus daitezkeen bost pelikula atipiko

Gorka Bereziartua
0


Zinemaldiak baditu bere tradizioak. Batzuk urteroko programan agertzen dira –alfonbra gorria, Donostia Sariak, Urrezko Maskorra– eta besteak berriz, estraofizialak izan arren, beti errepikatzen direnez, jaialdiaren ADNaren osagai bihurtu dira jada. Adibidez, Zinemaldiaren txarteldegi digitala. Ikastolako lanak Pentium II batean egiten genituen garaitik problemak ematen dituen zerbait da eta atzo ez zen salbuespena izan: goizeko 9ak, larunbateko farraren ondoren beren burua goiz esnarazi duten zonbi pijamadunak elkarri birtualki ukondoka estreinaldirik ez galtzeko; eta sistema informatikoa, bere lana egin ordez, “gizakiek sinestuko ez zenituzkeen gauzak ikusi ditut” deklamatzen loop formatuan.
Badirudi gero –askoz geroago, zenbait teklatutan F5 botoiko hizkiak ezabatu ondoren– jendeak sarrerak normal erosi ahal izan zituela, baina horrelakoetan maiz pasatzen da ikusi nahi zenuen zerbait eskapatzea, ez daukazulako goiz guztia pantaila aurrean galtzeko, zure burua konbentzitzen duzulako beste noizbait ikusiko duzula pelikula hori edo problema konpondu dela esaten dizutenerako ordenagailua bainerara bota duzulako.

Zure kasua horietakoren bat baldin bada, hona hemen bost pelikula, oraindik eskuragai daudenak eta ikusi ez ditudan arren, sekulako itxura dutenak, haien tituluak hedabide handien titularretan gehiegi agertuko ez diren arren.

Oliver Laxeren ‘O que arde’ filmak Canneseko festibalean sari bat jaso zuen.

O que arde, Oliver Laxe.
Beste zine festibaletan nabarmendu diren lanak erakusten dituen Perlak sailean programatu dute Oliver Laxe zuzendari galiziarraren lan hau. Canneseko festibalean Un certain regard ataleko epaimahaiaren saria irabazi zuen. Sute bat eragiteagatik espetxeratu zuten protagonista eta kartzelatik ateratzean ez dauka inor zain. Etxera itzuliko da, amarenera, tempo geldoan garatuko den istorio bat bizitzeko.
60ko hamarkadako borroken imajinarioa gaur egungo gazteekin elkarrizketan jarri du Périotek bere filmean.

Nos défaites, Jean-Gabriel Périot
Asko poztu nintzen aurtengo Zabaltegi-Tabakalera sailean Jean-Gabriel Périoten film bat ikusi nuenean. 2015an estreinatu zuen lehenbiziko luzemetraia: dokumental i-ka-ra-ga-rri bat, Alemaniako RAF talde armatuaren historia errepasatzen zuena artxiboko irudien bitartez –tartean, RAFeko zenbait kidek zine eskolako ikasle zirenean egindako lanak berreskuratuz–. Oraingoan, 60ko hamarkadako borroka iraultzaileen irudiak eta gaur egungo langile-klaseko gazteen imajinarioak jarri ditu elkarrizketan.
Itoizko urtegia du ardatz Maddi Barberren ‘Urpean lurra’-k.

Urpean lurra, Maddi Barber
Zabaltegi-Tabakaleran ikus daitekeen lan honek begirada diferente batekin gerturatzen gaitu askori ezaguna egiten zaigun afera batera: Itoizko urtegia. Duela bi hamarkada, Nafarroako zazpi herri urperatu zituzten makroproiektu horren ondorioz, baita hiru erreserba natural ere. Urtegia eraikitzearen aurkako kolektiboek bideoan grabatu zuten euren borroka. “Nola egin daiteke paisaia baten edo leku baten dolua?”, galdetzen zuen egileak urtarrilean Reyes Ilintxetak egin zion elkarrizketa honetan.
Etxetik alde egiten duen 13 urteko mutiko bat da Schanelec-en pelikulako protagoista.

Ich war zuhause, aber, Angela Schanelec
Berlingo zinema jaialdian pelikula honek zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. 13 urteko mutiko baten istorioa kontatzen du: astebetez etxetik alde egingo du, arrastorik utzi gabe eta itzultzen denean amarekin daukan harremana guztiz aldatuko da. Zuzendari beraren Der traumhafte Weg Tabakaleran ikusi ahal izan genuenok badakigu zergatik hartu behar den oso kontuan zuzendari hau. Hura galdu bazenuten, nik ez nuke hau pasatzen utziko.
Elbira Zipitriaren lorratzei jarraitzen die ‘Muga deitzen da pausoa’ filmak.

Muga deitzen da pausoa, Maider Oleaga
Zinemira sailean programatu duten pelikula honek zeresan handia eman du gure artean eta areto komertzialetan ere estreinatu zen aurtengo maiatzean. Elbira Zipitria ikastolen mugimenduaren aitzindariaren lorratzak jarraitzen dituen dokumentala da, baina ez da genero horrekin konbentzioz lotzen den estiloko pelikula. Lander Arretxeak egin zion elkarrizketa honetan esplikatzen duen moduan, zuzendariak ez zuen biografia egin nahi. Ikerketa-lan sakona du atzean haatik: “Bilaketa ez da izan hainbeste historikoa, pertsonala baizik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA