Dirua da bide bakarra: Arrano Pertxa eta Lengu Ilunaren lirika gangsta

Gorka Bereziartua
0

Arrano Pertxa.

Arrano Pertxa eta Lengu Iluna rap taldeak Bilborock aretoan joko du gaur Aste Nagusiaren barruan. Eta bai, badakit, ez da jendea masiboki erakarriko duen plan bat izango, kontzertu bat entzutea baino askoz erakargarriagoa delako txosnako barrara iristeko antolatzen diren gerra zibiletan parte hartzea edo Areatzako pixa-usaindun lurrean eserita litro batzuk edatea, mundua ze gaizki dagoen komentatzen, Glovoko banatzaileak afaria noiz ekarriko zain zauden bitartean.
Baina hala ere, gaur gauean Bilbon banengo ez nuke aukera pasatzen utziko: Arrano Pertxa eta Lengu Iluna da azken urteetan euskal hip hopak eman duen sorpresa atseginenetako bat. Bueno, ez dakit “atsegina” den hitza. Urko Gonzalezek (Arrano Pertxa, ahotsa) eta David Rodriguezek (Lengu Iluna, ekoizpena) osatzen duten tandemak 1990eko hamarkadako hip hopari egindako omenaldi gisa aurkeztu zuen euren lehen diskoa iaz.

Garai nahasi bezain interesgarria izan zen AEBetako rapean: herrialdearen bi kostaldeetako musikarien arteko lehia, dirua, txanpaina, urrea, drogak, mafiak… kaleko bizimodu zerriaren lirika bihurtu zen gangsta rapa eta askotan ez zen erraza desberdintzea zer gertatzen zen kantetan eta zer errealitatean –hip hoparen azpigenero honetako zenbait artistaren patu tristea da horren lekuko: Tupac Shakur eta The Notorious B.I.G. tirokatuta hil zituzten–.
Urte haietako imajinarioa Euskal Herrira egokitu du Arrano Pertxa eta Lengu Ilunak, momentu benetan bonbastikoekin: “Gangster bat drogaz hiltzen da” oihukatzen dute mikrofonotik, Kortaturen Zu atrapatu arte West Coast-era eramanez; hemen mingainak bederatzi milimetroko Berettak bihurtzen dira, Matxitxakon behera botatzen dira salatarien gorpuak, “dirua da bide bakarra” aldarrikatzen da, jaungoikoa eta erritmo zaharra.
Taupaka elkartearen bitartez kaleratutako lehen diskoaren ondoren, aurten Leun singlea argitaratu du taldeak, Euskalabria disko berriaren aurrerapen gisa. Entzun itzazu orain, bihar agian Basauriko kartzelan sartuko dituzte eta.
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA