Altzoko Handiaren mitoaz, errealitateaz eta fikzioak honetan guztian izan behar lukeen lekuaz

Gorka Bereziartua
0

Eneko Sagardoy ‘Handia’ filmean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak liburu bat editatu berri du, zeinak jasotzen duen Luis Angel Sanchez Gomez Madrilgo Complutense Unibertsitateko Historia doktoreak egin duen ikerketa Migel Joakin Eleizegiri buruz, alegia, “Altzoko Handia”-ri buruz. Asko hitz egin da azken urteotan Eleizegi zenaz, lehenbizi haren historiatik abiatuta opera bat egin zutelako eta gero mundu osoan ezagun egin zuen Handia filma.

Aldundiak prentsari bidalitako oharra irakurrita ulertzen denagatik Altzoko handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan liburuak pertsonaiaren ezagutzan sakontzea du xede, “asmakeriak eta kondairazko datuak alboratuta”. Horretarako, argitaratu gabeko material asko bildu du egileak, liburuaren zatirik handiena aurretik ezagunak ez ziren datuekin osatuta dagoela baitio Aldundiak.
Altzoko Handiari buruzko liburua editatu du Gipuzkoako Aldundiak.

Horri esker jakin dezakegu, adibidez, Altzoko Handiaren familiaren egoera ekonomikoa ez zela bereziki txarra, are, “erosoa” zela, Migel Joakin Eleizegiren aitak herriko bi baserri jaso zituelako oinordetzan, Sanchez Gomezen ikerketak erakutsi duenez. “Pertsonaia zinez interesgarri bat erakusten zaigu, urrun dagoena topikoek deskribatzen duten pertsona triste, manipulagarri eta Ipintza baserrira itzultzeko irrikaz dagoen hartatik”, irakurtzen da oharrean.
Dena den, arreta handiena deitzen duena, eta liburuaren atalik eztabaidagarriena iruditzen zaidana, bukaeran dator. Badirudi historialariak lan honetan Handia filmaren kalitatea goraipatu ondoren, “haren edukiaren zenbait alderdi” kritikatzen dituela.
Kuriositatea piztu dit: nola kritikatu du historialariak fikziozko pelikula bat? Edo, hobe esanda, nondik? Zeren, aurreikusten dudan kritika bada –Berrian Miren Garatek idatzi duen albistean sumatzen da nondik doazen Sanchez Gomezen tiroak–, alegia, kritikatzen dena baldin bada Handia pelikulak badituela historikoki oso zehatzak ez diren osagaiak, orduan, liburua irakurri aurretik esan daiteke kritika hori, zilegi izanda ere, ez dela bereziki interesgarria. Eta are gehiago, erakusten duela bizi garen mundu honetan fikziozko lan bat zer den ulertzeko daukagun gaitasun falta maila kezkagarrietaraino iristen ari dela.
Pelikula bati ezin baitzaio eskatu historialari baten lanari eskatzen zaion fideltasuna iraganeko gertakizunekin, hauek egiantzekotasunez pantailaratzea baizik –baldin eta asmoa film errealista bat egitea bada, bestela hori ere ez–; eskatu ezin zaion bezala programa politiko bati eskatzen ahal zaion koherentzia ideologikoa edo anatomista batek bere lanean beharko duen zehaztasuna: imajinatzen diziplina horretako norbaiten publikazio bat esanez Garañoren eta Arregiren pelikulako halako planotan Altzoko Handiak ez duela zehazki 2,42 metro neurtzen? Ba garrantzi bereko zerbait iruditzen zait historialari batek bere diziplinatik filmari buruz esan dezakeena, sinzeramente.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA