Norman Fosterrek lagun bat zeukan Bilboko Arte Ederretako obra nork egingo duen erabaki duen epaimahaian

Gorka Bereziartua
0

Norman Fosterrek aurkeztutako proiektuko irudi bat.

Norman Fosterri esleitu diote Bilboko Arte Ederren Museoko hedapenaren obra aste honetan jakin dugunez, eta badirudi mundu guztiari primeran iruditu zaiola, azken finean, paraje hauetan bloke bat landatzen duen edozein atzerriko arkitekto ezaguni oinekin txalo jotzeko joera orokortuta dago. Are gehiago Fosterren kasuan, bera izan baitzen duela bi hamarkada baino gehiago hiriko metroko sarrerak diseinatu zituena –garai batean “fosterito” esaten zitzaien egitura horiei, pentsa–.
Jarrera probintziano horietaz aparte, ordea, badago arreta deitzen duen beste kontu bat Bilboko Arte Ederren Museoan egingo duten obraren kasuan: epaimahaiaren konposizioa. Konkretuki, nola den posible Luis Fernandez-Galiano epaimahai horretako kide izatea, aurrekariak ezagututa.

Fernandez-Galiano eta Foster iaz, konbenio bat sinatzen (argazkia: Arquitectura Viva).

Goazen pixka bat atzera: 2016an, Madrilgo Prado museoaren hedapen bat eraikitzeko lehiaketa egin zuten. Rafael Moneoren eskutik lehenago edifizio horretan egindako obrari segida emango zion “Erreinuen Aretoa” nork diseinatuko zuen erabakitzea zegoen jokoan. Luis Fernandez-Galiano epaimahaian zegoen eta, sorpresa-sorpresa, Norman Fosterrek irabazi zuen lehiaketa hura ere. Hiru urte geroago, eskema berdin-berdina errepikatu da Bilbon: pertsona bera epaimahaian, arkitekto berak irabazi.
Beti dago kasualitateetan sinesten duen jendea, eta beraz, gauzak are gehiago argitzeko baino ez bada ere, beste datu bat eman behar da: Fernandez-Galiano “Norman Foster Foundation” erakundeko patronoen artean agertzen da. Etika profesionalagatik, pertsona horrek ez zuen egon behar Bilboko museoarentzat hain inportantea izango den erabakia hartzen dutenen artean.
Hiri osoarena den ondarea interes partikularren menpe nola desitxuratu daitekeen ikasteko balioko du, gutxienez, gertakari honek. Edo ezta hori ere: hain ohituta gaude horrelako gauzak ikustera eta hainbeste irensteko prest gaude gure hirira nazioarteko firma bat ekartzeko, fosterkada hau ere zintzurretik behera pasako dela, detailetxo hauek ahazteko mania daukan prentsaren laguntzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA