“Arratsaldeko ordubatetik hiruretara bitartean Madison etorbidetik pasatzen bazara, Berrogeita Hamabost kalearekin gurutzatzen den lekuan, ez izan alferra, bota burua atzerantz eta altxa begirada Winslow hoteleko eraikin beltzaren leiho zikinak ikusteko. Han, azken solairuan, hamaseigarrenean, hotelak dauzkan hiru balkoietatik erdikoan, han nago eserita, erdi biluzik”. Eduard Limonov idazle errusiarrak hitz horiekin hasi zuen Neu naiz, Editxka liburua, New Yorken errusieraz idatzi eta lehenbiziko aldiz Parisen argitaratu zena frantsesez. Publikatzeko modu xelebre hori pertsonaia sailkagaitz honek ezkutatzen duen bitxikerietako bat besterik ez da. Asteazken honetan hil da Moskuko ospitale batean 77 urterekin.
Sobiet Batasunetik alde egin zuten idazle ugarietako bat izan zen Limonov, baina deserrian eman zituen urratsei erreparatzea nahikoa da haren ibilbidea erabat bereizteko atzerriratutako intelektual errusiar askorenetik. 1974tik 1991ra bitartean bizi izan zen Errusiatik kanpo, Parisen eta batez ere New Yorken. Asko idatzi zuen urte haietan, denetarik, poesia, kronika, nobela; eta antza denez, argitaratzen zuena ez zen atzerriratutako errusiar idazle guztien gustukoa. Sergei Dovlatovek Filiala nobelan kontatzen du deserriratu errusiarren kongresu batean gertatu zitzaiona:
“Hasi zen debatea. Hizlari bakoitzak zazpi minutu izanen zuen. Kovriginen txanda zen. Eduard Limonoven lana ekarri zuen hizpidera. Zazpi minutuan aritu zitzaion trakeskeria eta pornografia leporatzen, eta errusiar tradizio humanisten etsaitzat jo zuen. Azkenean, zera esan zioten:
–Amaitu da denbora.
–Ez dut bukatu, ordea.
Orduan, Limonovek –amoral horrek– hartu zuen hitza:
–Ohean, nahi bezainbeste denbora har dezakezu bukatzeko, Ruvim Isaievitx. Baina, hemen, arauak bete behar dira.
Garrasi batean hasi ziren denak.
–Laidorik ez Kovriginen aurka! Arrunt sentibera baita!
–Amaitu da denbora –esan zuen moderatzaileak, bigarren aldiz.
Kovriginek berean segitzen zuen.
Orduan, moderatzaileari mintzatu zitzaion Limonov:
–Nik ere izanen dut hitz egiteko denbora-tarterik?
–Bai, jakina. Zazpi minutu.
–Eman niezaioke nire denbora Ruvim Kovrigini?
–Eskubide osoa duzu.
Eta hala, beste zazpi minutu eman zituen Kovriginek Limonov madarikatzen. Laidoztatuaren kontura, gainera”.
Anekdotak balio du Limonoven jarrera punka ilustratzeko. Ikono undergrounda bihurtu zen 90eko hamarkadan Errusiara itzuli ondoren, lehenbizi Yeltsinen eta gero Putinen aurka sutsuki arituko zen alderdi nazional-boltxebikea sortu ostean. 2007an legez kanporatu zuten alderdi-mugimendu horrek muturreko nazionalismo errusiarra eta komunismoa fusionatzea zuen xede eta bloke sobietarra erori osteko gazte errusiar askorentzat lehenbiziko esperientzia kontrakulturala bihurtu zen: okupazioak, legez kanpoko protestak eta argitalpen erdi-klandestinoak, fanzine itxurako Limonka egunkaria denen buru –Limonoven abizena eta errusiera informalean eskuko granadari deitzeko modua uztartzen zituen tituluak–.
“Limonov eta Basaev bihurtu dira konformatzen ez diren gazteen liderrak, Putinek eskaintzen dien existentziarekin ados ez daudenak: erabateko injustiziazko baldintzetan eta gizakien bizitzekiko mespretxu katastrofikoan bizitzen den bizitza bat. Limonov eta Basaev dira gure seme-alaben esperantza bizirik mantentzen dutenak, egunen batean sentitu ahalko direla gizaki duin. Beldurgarria da, baina horrela daude gauzak”, idatzi zuen Anna Politkovskaiak 2007an publikatu zen bere egunerokoan.
Urte bat lehenago baldintza aski susmagarrietan hil zuten kazetariaren lerro horiek balio dezakete ulertzeko Limonov izan dela Errusiari begira jartzean maiz agertzen diren paradoxa horietako bat: Mendebaldeko demokrazia eredua defendatzen zuen kazetari batek ere, behin baino gehiagotan azpimarratu zuen nazional-boltxebikeek Putinen aurka egindako lana.
Bai Limonovek bai Politkovskaiak ia klandestinitatean bizi behar izan zuten 2000ko hamarkadako Errusian. Batek hilda bukatu zuen, besteak kartzelan. Baina antzekotasunak hor bukatzen dira: Politkovskaiak Txetxeniako gerran soldadu errusiarrek egindako giza eskubideen kontrako krimenak salatu zituen –zenbaiten ustez horregatik hil zuten–; Limonov berriz, beste gerra batean, Yugoslaviakoan, Sarajevo setiatuari tiroka ikus dezakegu, Radovan Karadzic-ekin orpoz orpo.
Idazle eta politikari polemikoa, pertsonaia hau mundu osoan ezaguna bihurtzeko azken bultzada Emmanuel Carrèreren Limonov liburuak eman zion. Nobela-erreportaje-autofikzio-saiakera horretan, idazle frantziarrak mitoaren mailara igo zuen, bide batez –eta L’Adversaire-ren baimenarekin– bere liburu onena sinatuz.
Lan horren amaieran Carrèrek beste pertsonaia batekin konparatzen du Limonov eta, Politkovskaiaren aldean jartzean ez bezala, paradoxa errusiarra ulergarriagoa bihurtzen da: Vladimir Putinen ibilbidea jartzen du Limonovenaren ispilu, biak hazi ziren inguruneetan berdin gurtzen baitziren aberria, haren aldeko Gerra Handia, KGB eta honek Mendebaldeko “barrabil bigunei” eragiten zien beldurra. Gaztetan gaizkile bihurtzetik gertu ibili ziren, judoak salbatu zuen Errusiako buruzagia eta literaturak Limonov. Gero, ez batak eta ez besteak ez zuten perestroika sinetsi, nazka-nazka eginda bukatu zuten Stalinen krimenak salatu zituzten “masokista” horiekin eta Sobiet Batasuna amiltzea XX. mendeko katastroferik handiena iruditu zitzaien.
Putin eta Limonov, mundu ikuskeran bikiak. Vladimirrek, “boterera iritsita, atsegin du, Eduardek bezala, soina biluzirik duela argazkiak atera diezazkiotela, gihartsu, laneko galtzekin, komando-puñal bat gerrian”, dio Carrèrek, konparazioarekin jarraitu aurretik: “Eduard bezala, hotza eta azkarra da, badaki gizona gizonarentzat otsoa dela, indartsuenaren eskubidean bakarrik sinesten du, baloreen erlatibismo erabatekoan, eta nahiago du beldurra eragin hura sentitu baino. Eduard bezala, mespretxatu egiten ditu gizakien bizitza sakratutzat jotzen duten negartiak. (…) Eduardengandik desberdintzen duena zera da: irabazi egin duela”. Eta Limonovek berriz, galdu. Agindu ezin zuenez oposizioa lideratzera erabaki zuela dio Carrèrek.
Baliteke oso oker ez ibiltzea: alderdi nazional-boltxebikea legez kanpo geratu ondoren sortu zuen partiduaren izenak ematen du asteartean hildako pertsonaiaren ametsaren neurria: Beste Errusia da alderdiaren izena. Eta beste Errusia horretan, Limonov zen presidente.