Inoizko Zinemaldirik arraroenak irabazle atipikoa izan du: Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren Dasatskisi filmak denetariko erreakzioak eragin zituen prentsaren artean, pelikula maisulantzat jo zutenetatik hasi eta huts egindako obratzat jotzen zutenetaraino. Epaimahaiak argiago ikusi du ordea, Urrezko Maskorraz gain emakumezko aktore onenaren, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren sariak ere eman baitizkio, 2020ko edizioko garaile nagusi bihurtuz.
Hala ere, 68. edizio honetatik zerbait gogoratuko badugu, ez dira pelikulak izango, pantailetako istorioetan oraindik islarik ez duen –ez da asko itxaron beharko– COVID-19a baizik: lehiaketan inoiz baino film gutxiago, aretoen edukiera mugatuta, segurtasun neurri asko… Pandemiaren Zinemaldia izan da eta, festibalak iraun duen astean behintzat, antolakuntzak kutsatzearen aurkako neurriekin serio jokatu duela adierazi nahi izan du, horretarako batzuetan erabaki drastikoak hartu baditu ere –Zinemira sailera Atarrabi et Mikelats pelikula ekarri zuen Eugène Green zuzendaria kanporatu zuten, bere pelikularen emanaldian maskara janzteari uko egin ziolako–.
Palmaresetik eta koronabirusaren albo-kalteetatik harago, iruditzen zait 2020ko honen ondoren momentua iritsi dela beste eztabaida bat zabaltzeko ere: Akelarre filma (Pablo Agüero) izan da aurtengo edizioan Zinemaldiaren eskaparate nagusian ikusi ahal izan den euskal filma; eta pelikula konkretu horrek ikusle honengan eragin duen dezepziotik harago, Donostiako festibalak nabarmentzen dituen euskarazko lanak kritikoki aztertzeko ordua ere iritsi da.
2014an Loreak Sail Ofizialera iritsi zenetik aurreko hamarkadetan baino handiagoa izan da euskarazko zinemagintzaren presentzia Sail Ofizialean, baina zerbait aldatu da Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako istorio hartatik: gaur egungo Euskal Herri kaletarra erakustetik, euskaltasunaren esentzia ardatz zuen istorio batera pasa ginen (Amama, 2015), Altzoko Handiaren historia kontatzen zuen filmera gero (Handia, 2017) eta euskal dantzetara hurrengo urtean (Dantza, 2018), aurtengo sorgin-ehizara iritsi aurretik.
Iruditzen zait badirela nahiko elementu pentsatzeko Zinemaldiak azken urteetan euskararekin lotutako imajinario oso zehatz bat zabaldu duela, iraganarekin, esentziekin eta folklorearekin lotuago dagoena benetako euskaldunen –uler bedi “euskal hiztunen”– bizimoduarekin baino. Joera horrek subalternitatera kondenatzen gaitu, pelikula arruntak egiteko hizkuntza nagusiak hautatzera eta euskara “gure” gauzez aritzeko bakarrik erabiltzera. Eta uste dut oraindik ez dela berandu tendentzia hori aldatzeko, Sail Ofizialean bestelako euskal zinema baten aldeko apustua eginez.
4 Iruzkin
Agian nahikoa da pentsatzea gaurdaino heldu zaizkigun ezaugarri batzuek kontuan hartu nahi izan dituztea artistek. Asmatu duten edo ez hartu behar kontuan.
Ez dut ongi ulertu zergatik uste duzun joera folklorista-indigenatzaile delako hori Zinemaldiaren erabakia dela eta ez euskal zinema-industriarena.
Aupa! Zinemaldiak erabakitzen duelako zein pelikula non sailkatu. Azken urteetan denetariko filmak egin dira Euskal Herrian, baina ildo tematiko batzuk sumatzen dira Sail Ofizialean kokatzen dituztenen artean.
Ados nago Gorkarekin. Telebistan ere joera bera ikusten dut, saio “etniko” xamarrak egiten dira batez ere.
Euskara “gure” gauzez aritzeko bakarrik erabiltzeko joeraz gainera, esango nuke ohitu garela euskaraz euskaldunak baino ez entzutera, hau da, benetan euskaraz egiten dutenak. Etxebestetarrak, Altzoko Haundia, Lasa eta Zabala… Ez gara kapaz inkisidoreak euskaraz jartzen, ez guardia zibilak, epaileak edo Madrilgo Gorteko jaunxkilak. Ez bide zaizkigu “sinesgarriak” iruditzen.