"Gertakari desatsegin" bat eta Asiako bi pelikularekin, amaiera gertuago

Gorka Bereziartua
0

Eugène Green zuzendaria Zinemalditik kanporatu dute.

Zazpigarren eguna Zinemaldian: hainbeste pelikula ikusi ondoren, pentsatzen hasten zara agian zuk zeuk ere idatzi ahalko zenukeela film baterako gidoia. Festibalaren gorabeheretan girotutako zerbait izango litzateke, baina ez Woody Allenen Rifkin’s Festival bezala, ez; Zinemaldiko benetako gatazkak islatuko lituzke, antolatzaileekin haserre dagoen zuzendari bat protagonista gisa jarrita. Bere ustez garrantzi handirik ez daukan sail batean jarri dute estreinatu behar duen pelikula eta hesteetan gora datorkion suak gainezka egingo du istorioaren amaieran, hain zuzen bere filma proiektatu behar den gauean. “Banzai!” oihukatuz Principe zineko 9. aretoan bildutakoen kontra tiroka bukatuko du, ordura arte komedia kutsukoa zena ustekabean errematatuz pelikula korear gore horietako batean baino odol-isurketa handiagoarekin.
Gidoi-proiektu hori lerro hauek idazten dituenaren irudimenetik sortua da, noski, eta Eugène Green zuzendariak asteazken gauean izandako jokabidearekin daukan lotura kasualitate hutsa da. Gaur jakin dugunez, “gertakari desatsegin” bat jazo baitzen asteazkenean Zinemira sailera Atarrabi et Mikelats ekarri duen zuzendariarekin. Greenek uko egin zion bere filmaren emanaldian maskara janzteari. Zinemaldiaren arabera, bost aldiz adierazi zioten maskara janzteko eta kasurik egiten ez zuenez, aretotik ateratzeko eskatu zioten. ElDiario.es-en irakurtzen denez, Ertzaintzako bi agente joan ziren Principera, salaketa administratiboa jarri diote zuzendariari eta agian isuna jasoko du. Gainera, Zinemaldiak akreditazioa kendu dio.

Gara egunkariari adierazi zionaren arabera, Green ez zegoenbatere gustura bere pelikula euskal zinemari eskainitako sailaren barruan proiektatu delako eta ez Zabaltegi-Tabakaleran: “Nire pelikulak jaialdi oso prestigiotsuetan hautatuak izaten dira eta Zinemiran jarri baldin bagaituzte, esan nahi du Rebordinos jaunak ez duela uste kalitate artistiko handirik duenik, eta mintzen nau horrek eta ez zait atsegina egiten”, azaldu zuen.
Ez dakit pelikulak sari ofizialetakoren bat irabaziko ote duen, baina nik uste Greenek jada meritu guztiak egin dituela aurten estraofizialki banatuko den “Rebordinosen aurkako bonzo onenari Arturo Ripstein saria” jasotzeko.
Bi pelikula asiar lehiaketa ixteko
Kontu serioagoetara etorrita, pelikula txinatar batek eta japoniar batek itxi dute Sail Ofizialean lehiatzen diren filmen zerrenda.
Kapitalismo txinatarraren B aldea erakutsi nahi du ‘Wuhai’ filmak.

Zhou Ziyang zuzendariak Wuhai ekarri du, Txina turbokapitalistan girotutako istorio bat. Dirua zor duelako arazoetan belarritaraino sartuta dagoen klase altuko gizon bati buruzko filma da: kobratzaileak etxeko atariraino joaten zaizkio, arazoak dauzka emaztearekin eta honen gurasoekin; zorra kitatzeko lagun enpresario (eta mafioso) bati utzi zion dirua berreskuratu nahiko du, baina kontua ez da hain erraza izango.
Txinaren azken urteetako beroaldi ekonomiko azeleratuaren B aldea erakusten duen lan honek irudi izugarri aratzak erabiltzen ditu eta une batzuetan Audi auto markaren iragarki batekin nahastu dezakezu. Egia da badituela eszena indartsuak, protagonistak eta honen emazteak duten eztabaida adibidez, plano-sekuentzian errodatua eta bikote barruko tentsioa modu eraginkorrean pantailaratzen duena. Eta egia da normalean Zinemaldian ikusten ditugun pelikula txinatarren aldean oso bestelako proposamena dela, ekintzaz betea eta hipermodernitatearen kodeak bere egiten dituena (besteak beste, telefono mugikorretako pantailek protagonismo handia dute lan osoan zehar). Baina lortu nahi duen bizimodu kapitalistaren kritika pixka bat hankamotz geratzen dela iruditu zait, ez duela gehiegi sakontzen horretarako aukerak dauzkan arren.
Naomi Kawasek adopzioaren inguruko film batekin itxi du lehiaketa ofiziala.

Japonian amaitu dugu eguna, Naomi Kawase zuzendari ezagunaren Asa ga kuru filmarekin. Egilearen filmografian ohikoak dira amatasuna eta jaiotza bezalako gaiak Ainhoa Gutiérrez del Pozok artikulu honetan esplikatu zigun moduan; eta Sail Ofizialean aurkeztu den film honetan ere, ildo horretatik jo du, haur bat adoptatzen duten gurasoak eta hura adopzioan eman duen emakumearen istorioa kontatuz.
Trebetasun handiz harilkatuta dagoen filma iruditu zait, crescendo moduko bat egiten baitu filmeko pertsonaia guztiak lotzen dituen haurraren eskolako arazo txiki batetik abiatuz, adopzio-gurasoek jasoko duten xantaia eta horren atzean ezkutatzen diren problema larri guztietaraino. Umeak edukitzeko arazoak dauzkaten bikoteak, izan dituzten haurrak hazi ezinda adopzioan ematen dituzten amak, gurasoek abandonatutako alaben patua… Filmak amatasunaren aurpegi ugari erakusten dizkigu, elkarren arteko elkarrizketa proposatzen du eta ez die uko egiten haurra adopzioan hartzen duten eta ematen duten amen artean sortzen diren frikzioei ere. Esku oso trebez gidatutako film honi aurkitzen diodan “baina” nagusia Kawaseren estilo-marketako bat da: elementu naturalak filmeko une batzuetan erabiltzeko moduak ez nau gehiegi konbentzitzen. Baina hori kenduta, 140 minutuko pelikula honek aspaldi ez bezalako mailan eman dio amaiera Sail Ofizialari. Eskerrik asko Cannes.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA