Familia, a zer pelikula

Gorka Bereziartua
0

Kokatzeko zaila da Dea Kulumbegashvili zuzendariak Sail Ofizialera ekarri duena.

Garai batean, ez hain aspaldi (pentsa, ni gogoratzen naiz eta ez naiz, ejem, hain zaharra) zinera joatea plan familiarra zen. Ongi pentsatzen baduzu, neguko asteburuetan guraso askoren nerbioak salbatzeko gauza hoberik ez da asmatu geroztik: txartelak eta krispetak erosi, ilaran zain egon, ordu pare batez publiko guztiarentzat pentsatutako produktu zinematografiko bat irentsi eta aretotik ateratzean jokaldia komentatzearekin arratsaldea erraz botatzen zen inork laguntza psikologikork eskatu beharrik gabe. Multipantailaren aroak dena konplikatu du seme-alabak belarrietatik zintzilik zer egin asmatu ezinda ari diren kapitalismo berantiarreko gurasoentzat.
Zine familiarraren urrezko aro hura gogoan hartuta edo, asteazken honetako Sail Ofizialeko menua kontu domestikoetan oinarritutako programazio jarraitua izan da. Hori bai, pantailan ikusi ditugun familiek Goenkaleko Lasa anaiek baino mokokada gehiago dute.

Urtero egoten da Sail Ofizialean ikuslea deskolokatu samar uzten duen pelikularen bat, zalantza eginarazten diona: maisulana da ikusi berri duena ala artefaktu filmiko ulergaitz bat? Aurten Dea Kulumbegashvili zuzendariaren Dasatskisi-k utzi nau sentsazio horrekin. Jehovaren Lekukoen komunitate batek Georgiako herri txiki batean jasaten duen erasoarekin hasten da filma eta komunitateko liderraren emaztearen urratsak jarraitzen ditu.
Filmaren ezaugarri nabarmenenak plano luzeak dira, baita planoz kanpo geratzen denarekin jolastea ere (esateko modu bat da, izan ere, planoz kanpokoa tentsio-iturri bihurtzen da eszena askotan). Horrez gain, biolentzia filmean agertzen den moduak durduzatuta utziko du ikuslea, batez ere pelikularen erdialdean gertatzen den bortxaketa eszena batek, zeinak Michael Hanekeren filmak gogora ekartzen dituen, giro-soinuarekin konbinatuta horrelako eraso baten ohikotasuna bere gordintasun osoan islatuz. Indarkeria esplizitu horri hain agerikoak ez diren beste batzuk gehitzen zaizkio, pelikula itogarri eta desatsegin bihurtuz (argi gera dadila hala ere: ikusleari sentsazio horiek eragitea filmaren lorpenetako bat da, pelikulek ez dute zertan atseginak izan, nahiz eta entretenimenduaren kulturak hori pentsatzera eramaten gaituen sarri).
Balantzaren beste aldean, zeri buruz ari den oso ongi definitzen ez duen lana ere iruditu zait. Edo agian, filmaren muina ikusle honen ulermenetik harago dago. Kontua da, protagonistaren ezinegon (eta ezin konta) guztien bidaide izan ondoren, azken eszena ezohiko eta kutsu biblikodun batekin errematatu duela zuzendariak pelikula hau, eta ni behintzat hondarrezko estatua bat bezala geratu naiz pantailaren aurrean.
‘Nosotros nunca moriremos’ filmean hildako semearen dolua egiten hasiko dira senideak.

Eguerdiko emanaldian, Eduardo Crespo zuzendari argentinarraren Nosotros nunca moriremos pelikula ikusi dugu. Zuzendaria lehenbiziko aldiz ari da Donostian lehiatzen road movie minimalista honekin: hilda agertu den semea bizi zen herrira joango da haren ama, seme gazteak lagunduta, ehorzketaren aurretik egin beharreko tramiteak egitera.
Esan liteke heriotza baten periferia dela metraje doituko lan honetan ikusten duguna. Erritmo geldoan kontatua, hitz gutxiko dialogoak, giro-soinua, ia jenderik gabeko paisaiak: ekoizpen xumea da, askotan heriotza bat tarteko duten istorioetan agertzen ez den fase baten detaileak, doluaren hasierarenak, pantailaratzeko apustua egiten duena. Carlos Sorín baten ekonomia espresibora iritsi gabe, eskola horretako zinema argentinarra ekarri dit gogora. Erretratatzen duen munduarekin eta jendeekin bat egiten du istorioa kontatzeko moduak eta Romina Escobarren antzezpen sinesgarriari esker, emaitza txukuna lortu du zuzendariak.
Benetako epaitegietako kasuak ekarri ditu ‘Courtroom 3H’ filmak.

Lehenago ikusi behar, baina agenda kontuengatik asteazken honetara geroratu izan behar genuen eguneko azken pelikula. Zaila da Courtroom 3H filmak lortzen duena: epaitegi bateko kasuen irudiak bakarrik erabiliz ikuslea bi orduz pantailari pegatuta edukitzea. Beren haurren kustodia gal dezaketen gurasoen kasuak aurkeztu ditu Antonio Méndez Esparza zuzendariak (2017an ere pasa zen Sail Ofizialetik Life and Nothing More kutsu sozialeko filmarekin eta oraingoan koska bat estutu du apustua, aktore ez profesionalekin lan egitetik kasu errealetara pasaz).
Kasu ugariren lekuko izaten hasiko gara, amaieran bi auzi konkretutan fokua jartzeko: venezuelar jatorriko aita bati eta ama gazte bati beren haurren kustodia kendu ala ez erabakitzeko galdeketak eta arrazoiak entzungo ditugu. Filmatutako pertsonak pertsonaia bihurtzen ikusiko ditugu pelikulak aurrera egin ahala: kustodia kentzearen alde agertu ohi den abokatu zorrotza, kasu hauekin lan egiten duen departamenduko langilea, egoera desesperatuan dauden gurasoak defendatzen dituen ofiziozko abokatua… Filmaren bertuteetako bat da ematen diren azalpenen bitartez, beste irudirik erabili gabe, familia batzuen barruko infernua irudikatzera iritsi daitekeela ikuslea. Makineria judizialak erabaki batzuk zein modu arbitrarioan hartzen dituen ere islatzen du ikuslea parte hartzera gonbidatzen duen dokumental honetan.
Ostegunean ikusiko ditugu lehiaketan parte hartuko duten azken bi pelikulak eta ondoren, bakarka edo familian, kinielak egiten hasteko momentua izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA