Eskandaluak eta balizko maniobrak

Gorka Bereziartua
0
27/05/2020. London, United Kingdom. Boris Johnson appears before the Liaison Committee. The Prime Minister Boris Johnson appears before the Liaison Committee during the coronavirus via zoom from the Cabinet room inside No10 Downing Street. Picture by Andrew Parsons / No 10 Downing Street

 

Goiko esferetan mugitzen diren gizaseme zoriontsu guztiak antzekoak dira, eta egin behar ez luketen zerbait egiten atzematen dituzten guztiak berriz, bakoitza bere modukoa. Boris Johnson eta Iñaki Urdangarin, BoJo eta Besoluze –horrela deitzen omen dio Juan Karlos “Hahaha! Elefantea da! Borboikoak–: biak harrapatu dituzte eskuak gaileten kaxan sartuta azkenaldian, baina bekatu diferenteak leporatu dizkie eskandalutegiak.

Johnsoni, gutxi gorabehera, Downing Streeteko 10. zenbakia after bat bihurtzea distantzia sozialeko neurriak zangartetik pasaz. Urdangarini berriz, bere emazteari –alegia, Juan Karlos Abu Dhabi-dibi-duren alabari– jartzea adar batzuk, zeintzuen tamainak gogora ekartzen duen Pirinioetako basahuntza (capra pyrenaica; aspalditik neukan hau egiteko gogoa, Jakoba).

Errazena izango litzateke sekzio honetan ere aizkora ateratzea eta eroritako bi haritz horiek (quercus robur eta quercus petraea) tximiniarako egur puskatan zatitzea, baina gauzak konplikatzera etortzen garenez, saiatuko naiz esplikatzen zergatik zuhaitzak batzuetan ez digun uzten basoa ikusten.

Hortaz, Johnson. Bai, egia da, covidaren aurka kristo guztia profilaktikoki bereizteko agindu ondoren, tipoa festarik festa ibili zen, zurrut eta snif. Lotsa gutxi behar da. Baina lehen ministro britainiarrari lotsaren antza daukan ezer eskatzea Teletubby samarra da. Orduan, horretan geratu ordez, galdera da: bakarrik egin al zituen parrandak? 100 lagun inguruko party-ak aipatu ditu orain prentsak. Eta antza, bazkari herrikoi bat egiteko moduko talde horietan baziren kazetariak, ez bat eta ez bi, Dominic Cummings egia esaten ari bada behintzat.

Hurrengo galdera, beraz, ez da ea Johnsonek vodka ala martinia edaten duen, denek ezagutzen zituzten festa horiek justu orain zergatik atera dituzten baizik. Eta segidakoak: nork hartu nahi duen adats errebeldeko lehen ministroaren lekua, zer asmorekin,eta abar.

Urdangarinekin, antzeko generotik kuartillo eta erdi. Konspirazio-teoriak hain modan daudenez utziko didazue, burua aluminiozko paperetan bilduta, nirea kontatzen: Zumarragako Handia bere rollo berriarekin erretratatu dute hondartza batean paseatzen. Baina ez edozein hondartzatan: Bidartekoan.

Datu hori inportantea da, kaleko españolito arruntarengan esna ditzakeen esanahiengatik. Zeren segur aski Mostoleseko norbaitek bere bizitzan behin bakarrik entzungo zuen orain aurretik herri horren izena. Segur aski 1992an. Entzun du Bidarte berriz telebistan, eta burmuineko zimurretan aurkitu ditu “operazio poliziala”, “ETA”, “kupula” eta antzeko beste artefaktu batzuk instalatuta.

Esan, Saussure: gehiegizkoa ote da susmatzea norbaitek Urdangarin adierazlea askatu nahi duela borboitar ustelen eremu semantikotik eta beste esanahi bat –euskotar traidorea– eman? Nóos kasuko marroia jan ondoren guztiz amortizatuta dago, baina infantak eta emerituak saltsa hartaz deus ez zekitenik ez du sinetsi ezta Espainiako tontoenak ere. Paper couché-an inprimatutako arbola luze bat jarri behar –1,97 metro, alajaina– atzeko guztia estaltzen, ea monarkia borbonikoa ezkontza txar baten biktima gisa aurkezteak hobeto funtzionatzen duen.

Gainontzeko dena, espektakulua. Dibertigarria noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA