Berrargitalpenek ez dute arreta handirik jaso izan euskal literaturan, baina tarteka, astroak lerrokatu direlako edo besterik gabe, hala tokatu delako, joera hori alda ote daitekeen pentsatzen hasten da letren zalea: iaz Susak Xabier Lizardiren Bihotz begietan-en edizio gaurkotua aurkeztu zuen eta eman zuen zeresana. Joan den astean berriz, Joan Mari Irigoienen Babilonia edizio berri eta dotorean aurkeztu du Elkarrek, Irati Jimenezen hitzaurrearekin.
Altzako idazlearen ibilbide luzeko mugarrietako bat da Babilonia, boom latinoamerikarrak euskarazko letretan izan zuen pisuaren adierazle garrantzitsuenetako bat. Errealismo magikoa? Bai, etiketa hori erabili izan da nobelaz hitz egiteko eta badu oinarririk korronte horretan kokatzeak. Baina García Márquez eta abarrek mundu osoan famatu zuten literatura egiteko modua bertako giroetara –eta hizkuntzara, noski– ekartzen asmatu zuen Irigoienek.
Argitaratu zenean Josu Landak hedabide honetan egin zion kritikan azpimarratu zuen Garayalde familiaren galera kontatzen duen nobela honek asmatu zuela hiru osagai uztartzen: bertso-paper zaharretako estiloa, euskal mitologia eta Biblia, denak ere baserriaren gainbehera modu alegorikoan narratzeko. Margariren tonu magikoa, Kaxianok darabilen ahozkotasunetik gertuko prosa eta narratzaile klasikoa uztartu zituen moduagatik, “inoiz baino menderatuago ditu Joan Marik irakurlea istorioaren harira lotzeko bideak”, idatzi zuen Landak. “Hasi eta bukatu arte besapetik ezin urrundu den liburua” gisa definitu zuen.
Elkarren Mintegia bildumako bigarren liburua da Babilonia. 2020an Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao-ren berredizioarekin ekin zioten sailari eta orduko hartan Xabier Mendiguren editoreak “transmisioa” hitzean jarri zuen letra larria: “Transmisioa ez da egonen den zerbait; une oro zaindu behar da, literaturan ere”, adierazi zuen, Berria-n Joana Ibargaraik jaso zuenez.
Azken urteotan kezka hori alor askotan ikusi dugu, baina euskal literaturak iraganean eman dituen obra nabarmenenak berrargitaratzeari dagokionez, esango nuke ez dela erraza argitaletxeentzat apustu sendoegirik egitea. Ematen dute zenbakiek balantza ekonomikoa orekatzeko? Elkarren Mintegia baino lehen antzeko intentzioak sumatu izan dira –adibidez Ereinek Poltsiko.e sailean Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako edo Bernardo Atxagaren Ziutateaz publikatu zituen beste batzuen artean, modu oneko prezioan gainera–, baina erreferentziazko bilduma baten falta agerikoa da. Eta problema ez dago argitaletxeen borondate faltan, nik uste.
Inguruko erdaretan ikasleak dira testu klasikoek daukaten publikoaren zati esanguratsu bat: esango nuke ez dagoela Hego Euskal Herrian Cátedra argitaletxeko libururen bat sartu ez den etxerik; eta imajina dezaket Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait gerta daitekeela Le Livre de Poche edo Points bidez publikatzen diren literatura frantseseko erreferentziazko obrekin. Baina kasu horietan, hemen bertan baina hizkuntza nagusietan, badago eztabaidagarria eta berrikusgarria izan arren, klasikoen kanon sendo samar bat. Euskaraz ez. Eta horren eraginez, argitaletxeek Babilonia edo Bihotz begietan bezalako obrak esku-eskura jarri arren, posible da irakurle berriengana kopuru txukun samarrean ez iristea.
Ondorioa, bistan denez, ez da ezarritako irakurgaien aurka altxatzen den kontra-kanon moduko bat nagusitzen dela, euskarazko irakurgaiak unean uneko moden askoz menpekoagoak direla baizik; eta bide batez, funtsezkoak izan ziren obra batzuk ia arrastorik utzi gabe desagertzen direla; eta belaunaldi berri bakoitza kondenatzen dela euskarazko literaturaren mapa oso zatikatu bat edukitzera.
“Nik ez dakit non hasten den gure baserriaren historia, hura egin zutenean edo Isaias profetak Babiloniako herria madarikatu zuenean”, leitu daiteke Irigoienen nobelan. Irakaskuntzako irakurgaien kontu honekin urrats handirik eman gabe urteak badoazela ikusita, batzuetan pentsatzen dut agian ez gabiltzala Garayaldetarren tragediatik oso urrun.