Garrantzi gutxiko garaien alde

Gorka Bereziartua
0
Argazkia: Leonhard Niederwimmer

“Gerrak bizitzaren tonua jasotzen du,
denon barne-bizitza ekintza-eskema
soil-soil baten inguruan
antolatzen baitu
(bi alderdiak) eta,
heriotza beti gertuaren ideia azpian,
jarduerarik hutsalenei
egundoko garrantzi-kutsua ematen die”

(Cesare Pavese, Bizitza lanbide. Itzulpena: Maite Lopetegi).

Tanke bat topatu dut neure kafesnean. Hirugarren gerra astea. Galdera existentzialak: pasa den asteburu hau izan ote da lasai-antzean igaro dugun azkena edo hurrengoan ere planen bat egin ahalko dugu, kamuflajezko arroparik inplikatzen ez duena? A aukera sakatu baduzu, nora joan nahi duzu? Lehen erantzun zenezakeen faktore neurgarri batzuk erabiliz –eguraldia, gogoa, agenda, sosak–. Orain gerra-parteak ere jokatzen du, arbitroek Realaren kontra jokatzen duten bezala. Minutuz minutu morala higatzen dizun Gil Manzano bat da gerra. Ez dizu uzten. Gontzetatik ateratzen zaitu.

Eta bat-batean denak dauka garrantzitsuegia izatearen airea, agian zure burua aurkitu duzulako pentsatzen desastrearen aurretik egingo duzun azken gauza normala zer izango den. “Benetan, horrela galdu behar al zenituen zera baino lehen libre eduki zenituen azken egunak?”. Ez, ez diozu zure etorkizuneko ni-ari hori galdetu nahi. Asmatu egin nahi duzu, gogoratzeko moduko zerbait egin, dena pikutara baldin badoa idealizagarria den momentu bat gorde.

Zeren aurreikuspen guztiak ipurdiz gora daude. Hau idazten ari naizen momentuan ez gaude bonben esperoan hemen, Ukrainakoak baino lehenago izorratuko dizu mendi-irteera kazkabarrak; baina gauzak hartzen ari diren abailan, auskalo artikulua paperezko edizioan etxeetara iristen den gosalorduan zer kalibretako metraila egon daitekeen ezkutatuta harpidedunen croissantetan –nire briko-aholkua: ez egin hozka zuzenean, moztu croissanta barruan zer dagoen ikusteko, beruna ez baita ona hortzentzat–.

Galbahe kulturala ere asko estutzen da erabateko suntsipenaren aukera buru gainean bueltaka hasten denean. Ba al du zentzurik honelako momentu batean argitaratu berri den liburu bat irakurtzeak? Leitu ez dituzun ezinbesteko liburu guztiak kontuan izanda ere bai? Baina, bestalde, Hirugarren Mundu Gerra iristean eskuetan klasiko bat edukitzeak zerbait hobetzen al du? Eta gainera, ze klasiko? Dostoievski aukeratuko bazenu, beste paperen batekin forratu beharko zenuke liburuaren azala, Siberiaren tamainako lerdoren batek ez zaitzan putinzaletzat hartu? Dilema klasikoago bat: Tolstoi ez al da aukera hobea? Hirugarren bidea agian, alegia, Gogol? Krimena eta zigorra, Gerra eta bakea, Arima hilak. Gerra eta krimena. Gerra eta hilak. Krimenaren arima. Bake hilak. Azkenean nobedadea irakurtzea izango da onena.

Eta laburbiltzen hastea: nostalgia erreakzionarioa omen da, baina azkenaldian etorkizunaren aurpegiak ere ez dirudi Che Guevararena. Barkatu, beraz, baina nik faltan sumatzen ditut lehengo garaiak, zeinetan pasa nitzakeen egunak, hilabeteak eta are, urteak, buru nuklearrekin hornitutako misilez batere kezkatu gabe. Garrantzi historiko oso txikiko uneak izango ziren segur aski, baina uste dut jasan ahalko nuela kontatzeko batailatxorik gabe aguretzea. Beti paratuko naiz, beraz, garrantzi gutxiko garaien alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA