Sergei, 45 urte, lan bila

Gorka Bereziartua
0
Sergei Zelenski elektrikaria eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea.

Sergei gizajoari bizitza ederki izorratu dio gerrak. Eta ez da Ukrainan bizi e, Novosibirskekoa da, Kievetik 3.957 kilometrora dagoen hiri siberiar batekoa. Trafiko askorik gabeko egun batean 46 ordu gidatu beharko lituzke Ukrainako hiriburura kotxez iristeko –datu hori begiratu egin behar izan dut, eskerrak Trippy.com webguneari, beste mota bateko bidaiak iradoki arren, errepidez egin daitezkeenak planeatzeko ere oso ondo dago–. Sergeirentzat, beraz, goiz jaiki eta Lada Niva hartuta etxetik Kieven lan egitera joatea ez da oso aukera errealista. Eta bizi den hirian berriz, inork ez dio lanik eman nahi. Hori gertatzeko arrazoia, Sergei gizajoaren abizena da: Zelenski.

Italiako Corriere della Sera egunkarian irakurri dut haren historia pasa den asteburuan: “Ezin dut zoritxar handiagorik imajinatu”, azaldu du 45 urteko elektrikari honek, gaur egun Errusia osoarekin harreman, tira, konplikatua daukan abizen batez gain, elbarritasun arin bat ere badaukana. Baldintza horrek lehentasuna emango lioke zenbait lan lortzeko, baina esplikatu duenez, bere hiriko ospitalean atera zen postu batera aurkeztu zenean, honakoa erantzun zioten: “Zergatik ez diozu zure senideari laguntza eskatzen?”.

Kasu isolatua izango zela pentsatu zuen, baina keba. Azken hilabeteetan bost lan-elkarrizketa izan dituela dio eta guztietan atera dela abizenaren kontua. “Zer egin behar dut? Gerente batekin hitz egiten dudan bakoitzean, nire dokumentazioa irekitzen du eta segituan galdetzen dit pertsona horren senidea ote naizen”. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea da “pertsona hori”, noski.

Desesperatuta dago Sergei. Normala. Bizitzen ari den egoera salatzeko hiru eguneko gose-greba hasi du eta bere eskualdeko gobernadoreari gutuna idatzi dio, zer egoeratan aurkitzen den esplikatu nahian. Inguruko egunkarietara ere bidali du gutun hori. Eta eskura eman nahi izan zion gobernadoreari berari, baina horretarako haren egoitzara joan zenean, atariko seguratak galdetu zion: “Zu al zara drogazale ukrainarraren abizen bera daukana?”. Volodimir Zelenski da “drogazale ukrainarra”, noski –seguratarentzat, esan nahi dut–.

Egoerak ez du konponbide errazik, nik uste. Imajina dezagun momentu batez: Ukrainako presidenteari norbaitek saltsa honen berri ematen dio eta, Azoveko naziekin dauzkan elkarrizketa super-interesgarrietako bat eteten du, komunikatu ofizial bat idazteko esanez berak ez daukala zerikusirik Novosibirsken bizi den Sergeirekin. Uste duzue horrek lagunduko liokeela gure elektrikari elbarriari lana aurkitzen? Kontua dagoen bezala, niri sinesgarriagoa egiten zait pentsatzea bizilagunak ere hasiko liratekeela pentsatzen Zelenski ukrainarra eta Zelenski novosibirsktarra erdi-lehengusuak edo izango direla, bestela ez dela entenditzen horrelako faboreak egitea.

Historia honetatik lezio garrantzitsu bat atera dezakegula uste dut: gerrak beti egiten direla jende arruntaren izorramendurako. Eta izorramendu hori ze formatan etorriko den aurreikustea kontu nahiko konplikatua dela, norberaren ezaugarri txiki, hutsal eta ergelena ere baliagarria izan daitekeelako momentu jakin batean ederki izorratuta bukatzeko. Animo Sergei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA